(Argazkia: Ibedrola)

Iberdrola Renovables Energiak eta Galea eta Mendieta enpresek, Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroarekin batera, proiektu bat garatu dute offshore azpiegiturek itsas eolikoan duten korrosioaren arazoa konpontzeko, material jasangarrietatik abiatuta

Korrosioa itsas energia eolikoaren offshore azpiegiturek aurre egin beharreko erronka nagusietako bat da; izan ere, ingurumen baldintza kaltegarriekiko etengabeko esposizioak – ur gazia, hezetasun handia eta haize bortitza – higadura nabarmena eragiten du instalazio horien osagai metalikoetan.

Iberdrola Renovables Energiak, Galea enpresak eta Recubrimientos Anticorrosivos Mendietak, Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroarekin batera, proiektu bat jarri dute abian, offshore inguruneetan egitura metalikoetara bideratutako korrosioaren aurkako babes sistema jasangarri berriak garatzeko helburuarekin. Korrosio horrek turbinei, dorreei eta oinarriei eragiten die, bizitza baliagarria nabarmenki murriztuz, eta maiz konpontzeko eta ordezteko beharra handituz. Era berean, mantentze kostuak nabarmen handitzen ditu eta turbinen eraginkortasunari eragiten dio, energia sortzea eta proiektuaren errentagarritasuna murriztuz. Gainera, azpiegituren osotasun estrukturala konprometitzen du, itsas ingurumena arriskuan jarriz.

Kortxoa material jasangarri gisa

Kortxoa material naturala eta oso moldakorra da, eta funtsezko zeregina du proiektu honetan. Bere egitura bakarrari esker (arina, elastikoa eta iragazgaitza), eta isolamendu termiko, akustiko eta bibratorioaren propietate bikainekin, estalduretarako material egokia da, dilatazio termikoak murrizten, bibrazioak xurgatzen eta egitura metalikoen bizitza baliagarria luzatzen laguntzen baitu. Gainera, biodegradagarria, birziklagarria eta ingurumen inpaktu txikikoa denez, kortxoak jasangarritasuna ematen dio pintura sistemari, estaldura sintetiko tradizionalen aurrean alternatiba ekologiko bat eskainiz.

Proiektu honek itsas inguruneetako korrosioa minimizatzen lagunduko du, zinkezko estaldurak eta akabera organiko jasangarriak (kortxoa, esaterako) eta % 0ko VOC estaldurak (konposatu organiko hegazkorrak) konbinatzen dituen duplex babes sistema baten bidez, offshore inguruneetako egitura metalikoen bizitza baliagarria handitzeko.

Segurtasun eta iraunkortasun handiagoa

Euskadik ingurune ezin hobea eskaintzen du Innotec izeneko proiektu hau garatzeko, itsas industria eta industria energetiko sendoari, ikerketa aplikatuan duen esperientziari eta bere sare teknologiko oso espezializatuari esker. Gainera, portuko azpiegituretatik eta itsas saiakuntzako eremuetatik gertu egoteak aukera ematen dio offshore ingurune errealetan probak eta baliozkotzeak egiteko, eta horrek sistema jasangarri berrien bideragarritasuna bermatzen du. Euskadi nazioarteko erreferente da offshore azpiegiturak babesteko irtenbide aurreratuetan.

Metalezko zinka eta akabera organiko jasangarriak konbinatzen dituen duplex sistema horrek nazioarteko erreferente gisa kokatzen du proiektua offshore azpiegituren babes aurreratuan, eta, aldi berean, mantentze lanak % 50eraino murriztu ditzake, segurtasuna eta iraunkortasuna handitu, itsasoko errentagarritasun eolikoa hobetu eta ingurumen inpaktua murriztu. Hurrengo mugarriak egitura metalikoetarako estaldura jasangarria garatzea, landako konponketetarako bigarren soluzio bat egokitzea eta biak baliozkotzea dira, itsas ingurunean benetako baldintzak dituen prototipo baten bidez.