Irizar ie bus Efficient modeloaren aurkezpena (Argazkia: Irizar)

Adunako konpainiak akordioa itxi du KVB Colonia enpresa alemaniarrarekin, 78 autobus elektriko hornitzeko

Irizar e-mobility autobus konpainiari kontratu bat esleitu dio Kölner Verkehrs-Betriebe AG (KVB) operadore alemaniarrak, Kolonia hirirako 78 autobus elektriko hornitzeko. Kontratua Alemaniako Irizar e-mobilityren Jebsen & Jessen Industrial Solutions GmbH banatzailearen bidez sinatu da.

Gipuzkoako konpainiatik azaldu dutenez, KVBk aukeratutako modeloa Irizar ie bus Efficient berria da. Ibilgailu horrek aurrerapen handiak ditu efizientzian, gaitasunean, irisgarritasunean, erosotasunean, segurtasunean eta jasangarritasunean. Erosketa horrekin, Kolonia ibilgailu berri hori zirkulazioan jarriko duen lehen hirietako bat bihurtuko da.

Azken belaunaldia

Lehen unitateak 2026aren amaierarako entregatzea aurreikusten da, eta gainerako flota 2027an entregatuko da. Kopuru osotik, 40 unitate 12 metroko luzerakoak izango dira – 32 eserleku eta aulki gurpildunetarako edo orgatxoetarako espazio batekin – , eta gainerako 38 unitateak 18 metrokoak – 46 eserleku eta aulki gurpildunetarako edo orgatxoetarako bi gunerekin – . Ibilgailu berri horiek gehituta, KVBren flotaren bi heren modu % 100 elektrikoan jardungo du.

Autobusak Combo 2 karga hargunearen edo pantografoaren bidez kargatu ahal izango dira, eta KVB kotxetegien karga sekuentzialeko sisteman integratuko dira. Gainera, Irizar e-mobilityk garatutako bateria belaunaldi berri batekin hornituta egongo dira, baita motor berri trinkoago batekin ere.

Irizar ie bus Efficienten barne diseinuak zabaltasun handiagoa, argitasun handiagoa eta korridore zabalagoak eskaintzen ditu. Gainera, klimatizazio sistema optimizatu bat eta gidatze postu digitalizatu bat ditu. Ibilgailuak indarrean dauden merkatuko araudi zorrotzenak ere betetzen ditu.