Tecnaliaren Harshlab laborategia, Armintzako kostaldetik 1 '6 miliara (Argazkia: Lasercoat)

Top 101 Spain Up Nation Errekonozimenduen II. edizioko finalisten artean egon diren Euskadiko sei startupetako bat da enpresa

Lasercoat Bilboko startupa da eta korrosioaren aurkako laser-teknologia sortu du itsasoko garraioarentzat. Tratamendu horrek ez du hondakin arriskutsurik sortzen. “Sortu zenetik, balioztatze teknologikoaren hasierako fasetik laser bidezko beiraketa-prozesu zeramikoaren industrializazio aurreratuaren fasera igaro da Lasercoat. Egun, industriako ekosistema zabalarekin egiten du lan enpresak, ziurtagirien roadmap argia du eta itsasoko eolikoetara eta itsasontzietara bideratutako eredu komertzial definitua du”, azaldu du Diego Roldanek, enpresako CEOak.

Enpresak korrosioaren aurkako babesa eskaintzen dio itsasoko garraioari laser bidezko teknologia hibridoaren bitartez. Laser bidezko beiraketa-prozesu zeramikoa garatzen dugu egitura metaliko handietako pintura-sistema industrialak ordezkatzeko. Enpresak potentzia handiko laserra, robotika eta materialen ingeniaritza uztartzen ditu zeramika-geruza jarraitua, ultraerresistentea eta jasangarria lortzeko. Zehazki, laser bidezko beiraketa-prozesu zeramikoaren sistema robotizatua alokatzeko aukera eskaintzen du: “egitura metaliko handiak zeramikazko geruza ultraerresistentearekin estaltzeko gai da. Alokairu-zerbitzu horrez gain, prozesurako beharrezkoak diren formulazio zeramiko espezifikoak eskaintzen ditugu eta estalduraren trazabilitatea, egonkortasuna eta errendimendua bermatzen ditugu”.

Gainera, bertatik bertara integratzeko laguntza teknikoa ematen du eta baliozkotze-entseguetarako laguntza ere ematen du bezeroak hala eskatzen duenean. Teknologia horrek pinturen higadurarekin lotutako KOLak, disolbatzaileak eta mikropartikulak ezabatzen ditu. “Ura da prozesuaren oinarria, ez du hondakin arriskutsurik sortzen eta aktiboen bizitza erabilgarria luzatu dezake. Hala, esku-hartzeak eta karbono-aztarna murrizten dira”.

Babes egonkorra

Egun, 4 pertsona ari dira proiektuan lanean eta kolaboratzaile teknologikoen eta industrien sare egonkorra dute. Etorkizuneko erronkak dira “DNV ziurtagiria osatzea, itsasoko eolikoetan lehen pilotu industriala ezartzea eta negoziazioetan aurrera egitea ontziolekin eta offshore egituren fabrikatzaileekin”. Horrez gain, entseguak eta demostrazioak egiteko gaitasuna handitu nahi dute.

Halaber, Lasercoaten asmoa da ekoizpen-gaitasuna handitzea, prozesua hainbat herrialdetan homologatzea, hornikuntza-kate teknologikoa bermatzea eta araututako sektoreetan pinturarik gabeko soluzioak ezartzeko trantsizioan laguntzea.