Euskadik industria prezioen % 0,6ko jaitsierarekin itxi du 2025a, aurreko urtearekin alderatutaAutomobilgintza Euskadiko BPG industrialaren % 25 da.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak asteazken honetan jakitera eman dituen datuen arabera, industriako prezioek % 0,7ko beherakada izan dute abenduan, aurreko hilabetearen aldean, eta % 0,6koa, 2024ko abenduaren aldean.

Hileko aldakuntzari dagokionez, Kokeriak eta Petrolioa fintzea (azaroan baino % 8,4 gutxiago) eta Elikagaien, Edarien eta Tabakoaren industria (% 4 gutxiago) sektoreek izan dituzte jaitsierarik handienak prezioetan. Aitzitik, prezioen hilabete arteko igoerarik handiena izan duen sektorea Energia Elektrikoa, Gasa eta Lurruna izan da, % 5eko igoerarekin.

Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, Energiaren prezioak % 3,5 jaitsi dira azaroarekin alderatuta. Kontsumo-ondasunek % 3,3 egin dute behera, kontsumo ez-iraunkorrean izandako % 4,2ko jaitsieraren ondorioz; izan ere, kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak egonkor mantendu dira.

Beste datu batzuk
Ekipo-ondasunek, bestalde, % 0,3ko igoera izan dute hil arteko terminoetan, eta bitarteko ondasunek % 0,4koa.

Urte arteko aldakuntzari dagokionez, prezioen igoerarik handienak abenduan, 2024ko itxierarekin alderatuta, Produktu informatikoen, elektronikoen eta optikoen fabrikazioan (% 10,6ko igoera) eta Produktu farmazeutikoen fabrikazioan ( % 10,3) izan dira. Energia Elektrikoa, Gasa eta Lurruna adarreko prezioek, aldiz, % 9,8ko urte arteko jaitsiera izan dute, eta Kokeriak eta Petrolioa fintzea adarrekoek % 8,9koa.

Helburu ekonomikoaren araberako ondasun-talde handien arteko bilakaera negatiboa izan da energian (% 8,9ko jaitsiera) eta kontsumo-ondasunetan (% 0,4ko jaitsiera), kontsumo-ondasun iraunkorren % 0,7ko jaitsieraren eta kontsumo ez-iraunkorrekoen % 0,4ko jaitsieraren ondorioz. Ekipo-ondasunen prezioak, aldiz, % 2,1 igo dira eta Bitarteko ondasunenak % 1.