From Lab to Field (FLF) startup-a 2023an sortu zen “kirol errendimendua hobetzen duten produktuak sortzeko, eraginkorrak eta kontsumitzeko atseginak”, dio Leire Izagirre Urkizu FLFko ikertzaileak.
Gainera, konpainiak “2026an zehar” bere lehen bi produktuak merkaturatuko dituela aurreratu du.
Euskal enpresaren ordezkariak dioenez, produktu berri horiek, “merkatuko beste batzuek ez bezala, energia-substratu berri bat dute, formula guztiz disruptiboak dira”. Produktu hauen helburu nagusia “atletaren kirol errendimendua hobetzea da, energia sortzeko gaitasuna hobetuz edo nekea atzeratu eta errekuperazioa hobetuz”, azaldu du Izagirrek.
FLFren berrikuntzaren aldeko apustua argia da. “I+D da gure enpresaren motorra, eta produktu hobeak aurkitzeko, hobetzeko eta sortzeko dugun etengabeko nahia islatzen du”, dio.
Haren berehalako plan eta helburuen artean daude, halaber, ikertzaileak azaldu duenez, “ikertzen jarraitzea eta dagoeneko lantzen ari garen formula berriak garatzea”. Hala, epe ertainera, gaitasun operatiboa handitu nahi du enpresa bizkaitarrak, “dela ekoizpen propioko planta bat sortuz, dela espazio zabalago bat sortuz”, eta, horrez gain, “profil tekniko eta kudeaketa profil berriekin” indartu nahi du lantaldea, Leire Izagirrek nabarmentzen duenez.
Aldi berean, merkatuan duen presentzia sendotzea, ekoizpena eskalatzea eta berrikuntza bultzatzen jarraitzea bilatzen du, gero eta gama osoagoa eta espezializatuagoa eskaintzeko. “Gure asmoa da Europako merkatuan zuzenean sartzea eta, epe laburrean, nazioarteko merkatura ere zabaltzea, Estatu Batuak barne”, ziurtatu du.
Startupak sei langile ditu, eta elikagaien sektorean jarduten du, batez ere kirol-nutrizioan eta osasunean.
