Ekintzailetza teknologikorako eta berrikuntzarako gune berriak, Hirugarrenak, martxoaren 4an irekiko ditu ateak, astearte honetan espazio horren hitzarmen arautzailea sinatzean iragarri denez. Helburua ideia bat duen edozein ekintzaile bultzatzea eta erakartzea da.
Ekitaldian parte hartu dute Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industriako eta Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialeko kontseilariak, Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektoreak, Uxue Itoiz Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroko (CEIN) zuzendari kudeatzaileak eta Mónica Cortiñas NUPeko Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordeak.
Hitzarmenak jasotzen duenez, NUPek 25 urtez lagako dio gune hori CEINi. Bi erakundeek batera kudeatuko dute, eta Nafarroako Gobernuak eta Next Generation funtsek finantzatutako Retech Tech FabLab proiektuaren esparruan birgaitu da.
Martxoaren 4an irekiko da ofizialki instalazioa, Sario eraikineko hirugarren solairuan. Bertan, enpresen mintegiak, inkubagailuak eta coworking espazioak hartuko dituen espazio fisiko bat eskainiko da, startup digitalen eta teknologia aurreratuaren sorkuntza eta hazkundea sustatzeko. Gainera, ekintzailetza-jarduerak eginen dira proiektu berritzaileekin, eta proiektu horien, NUPen eta enpresen arteko lotura erraztuko da, ingurune malgu bat eskaintzeko, bertan ezartzen diren startup eta proiektuen beharretara egokituko dena.
Irekiera ospatzeko, Hirugarrenak hainbat ekitaldi hartuko ditu, hala nola “Neuromarketinga: bezeroaren burua nola ulertu” tailerra, Jorge Luengo ilusionistaren eskutik, martxoaren 2an, astelehena, 17:00etan. Astelehenean, halaber, Board of Killers egingo da, Berrikuntzako Erreaktorea doktoretzako ekintzailetza programaren barruko proiektuak ebaluatzeko saioa. Martxoaren 3an, asteartea, 12:00etan, Natalia Rodríguezek (Saturno Labsen sortzailea eta CEOa) “AAk ez du asmorik, zuk bai. Nola eraiki Deep Tech-ekin mundu hobea”. Gainera, martxoaren 6an, ostirala, topaketa bat egingo da Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Jarduera guztiak doakoak dira, CEINen webgunetik (www.cein.es) gonbidapena jaso ondoren.
Proiektu eta startupetarako
Hirugarrenean, zientziarekin, teknologiarekin eta digitalizazioarekin lotutako proiektuak dituzten ekintzaileek prestakuntza-ibilbideak eta aholkularitza espezializatua izango dituzte, haien potentziala baloratzeko eta enpresa berri bihurtzeko.
Gainera, startupek edo spin off zientifiko-teknologikoek eta digitalek eskalatzeari berariaz lotutako aholkularitza, laguntza eta prestakuntza zerbitzuak eskuratu ahal izango dituzte. Era berean, topaguneak eta ekitaldiak diseinatuko dira ekosistema ekintzaileko eragileekin networkinga errazteko, baita berrikuntza irekiko programak ere.
Espazioa unibertsitateko kolektiboari ere irekita dago (ikasleak, irakasleak, ikertzaileak), eta ekintzailetzari eta enpresa ekimenari lotutako talentua sustatzea helburu duten programak eta laguntza izango ditu.
Azpiegiturei dagokienez, Hirugarrena, 1.280 m2 erabilgarrikoa, coworking espazio zabal batean eta bost bulegotan banatua, bai balidazio, hazkunde eta eskalatze faseetan dauden startupetarako, bai fase goiztiarretan unibertsitateko komunitatearen proiektuak edo teknologiko-digitalak inkubatzeko.
Hirugarrena abian jartzea Tech FabLab proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horren bazkide da Nafarroako Gobernua, Errioxa, Aragoi, Kantabria, Katalunia eta Valentziako Erkidegoarekin batera. Proiektu hau RETECH Ekintzailetza Digitaleko Sareak deialdian sartzen da, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak finantzatuta, Next Generation EU Europako funtsen bidez.

