Aierdik Ebroko lur ureztatuen modernizazioa bizkortzearen aldeko apustua egin duNafarroako Gobernuko eta Ebroko Arroko Ureztatzaileen Federazioko ordezkariak.

José Mª Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria eta Javier Berdejo Ebroko Arroko Ureztatzaileen Federazioko presidentea lan-bilera baten buru izan dira astelehen honetan Zaragozan. Bilera horretan, bi erakundeek Ebro ibaiaren ibilguan zehar hedatzen diren ureztatutako lurraldeetan nekazaritzako azpiegiturak zer egoeratan dauden aztertu dute.

Aldebiko topaketa horretan, Aierdi kontseilariak defendatu duenez, “klima aldaketa eta uraren erabilera arrazionalagoa egiteko beharra premiazkoa da ureztapen azpiegiturak modernizatzeko prozesua bizkortzeko, nekazaritzaren etorkizunaren alde lan egin nahi badugu eta lehen sektore bizia, erresilientea eta lehiakorra mantendu nahi badugu, Ebrok ureztatutako eskualde guztietan landa garapenaren arima eta palanka baita”.

Era berean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko titular nafarrak “ezohiko finantzaketa-formulak bilatzea eta aztertzea” eskatu du, “gobernu autonomikoek aukera izan dezaten ureztatzeen etorkizunaren aldeko apustu irmoa egiteko eta, aldi berean, inbertsio horiek errentagarriak izan daitezen ureztatzaileen komunitateentzat eta funtsezko laguntza izan daitezen nekazaritzako elikagaien gure industria indartsuarentzat”.

Ureztatzaile komunitateetako ordezkariak
Nafarroako kontseilaria buru duen ordezkaritzan, Ignacio Gil Foru Gobernuko Nekazaritza zuzendari nagusiak eta Juan Pablo Rebolé Nekazaritza Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariak ere parte hartu dute. Ebroko Ureztatzaileen Federazioaren (Ferebro) egoitzan bildu dira, Aragoiko hiriburuan, Javier Berdejo presidentearekin, bai eta erakunde horretako gobernu batzordea osatzen duten hamabost kidek ere.

Ferebrok Ebroko arro hidrografikoko ureztatzaileen komunitate guztiak biltzen ditu, eta gobernu-batzordea Errioxako, Aragoiko eta Kataluniako ureztatze-sistemen ordezkariek osatzen dute, Jose Maria Vinué, Miguel Legarre eta Miguel Murillo nafarrez gain, Bardea, Lodosa eta Tausteko ubideetako presidenteak, hurrenez hurren, eta Javier Jiménez eta Juan Carlos Fernández, Corellako eta Ablitasko ureztatzeen presidenteak, hurrenez hurren.

Nafarroako Gobernuak bultzatzen duen Lur Ureztatuen Foru Planak, zeinaren eguneratzeak parte-hartze publikoko prozesu bat garatu baitu hainbat herritan topaketak eginez, aurreikusten du Foru Komunitateko 54.000 hektareako lur ureztatuen azpiegiturak modernizatzeari ekitea, eta datozen bi hamarkadetan 900 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egitea.