Burdina eta Metalak Gutram Abanto-Zierbenan (Bizkaia) dagoen enpresa bat da, industria-hondakin ez-arriskutsuen kudeaketa aurreratuan eta balorizazioan espezializatua.
Zehazki, konpainiak hondakin industrialak bigarren mailako lehengai eta aplikazio industrial berri bihurtzen ditu berrikuntza teknologikoaren eta prozesu propioen garapenaren bidez. 25 pertsonako plantillarekin, industria-enpresekin, eraikuntza-enpresekin, galdategiekin, altzairutegiekin eta obra zibileko operadoreekin lan egiten du, bai Euskadin, bai Estatuko gainerako lekuetan, eta merkataritza-harremanak ditu Europar Batasuneko bezeroekin, Bilboko Portutik gertu dagoelako.
Jarduera hauek egiten ditu: industria-hondakinak bildu, garraiatu eta gaika sailkatu, tratamendu mekanikoa egin eta balio-zatikiak bereizi, eta material aprobetxagarri bihurtu. Ondoren, material horiek bigarren mailako lehengai gisa merkaturatzen dira. Hondakinen kudeaketaz haratago, Gutramek aurrerapauso bat eman du prozesu industrial propioen diseinuan, bigarren mailako materialen karakterizazio teknikoan eta kontrolean eta produktu berrien garapenean.
“Hondakin jakin batzuen propietate tekniko espezifikoak identifikatzen ditugu, hala nola eroankortasun termikoa, konposizio mineralogikoa edo portaera mekanikoa, eta horiek aprobetxatzeko aplikazio industrial berriak garatzen ditugu”, azaldu du Silvia Gutiérrez Camus enpresako proiektuen arduradunak. Enpresak SPRI Taldearen laguntza izan du, Hazitek programaren bidez, industria-berrikuntza, ekonomia zirkularra eta I+G+b uztartzen dituzten hainbat proiektutan.
Etorkizunari begira, Gutramek hiru ardatz nagusi ditu bere garapenean: berrikuntzen industrializazioa, I+Gko garapenak merkaturatzeko moduko produktu bihurtzeko; industria-gaitasunak zabaltzea eta optimizatzea; eta ekonomia zirkularrari lotutako Europako merkatu berrietarako aliantzak eta hedapena indartzea. “Ekonomia zirkularra ingurumen kontzeptua ez ezik, teknologikoki aurreratua eta lehiakorra den eredu industriala izatea da gure helburua”, azpimarratu du Gutierrez Camusek. Ikuspegi horrekin, Gutramek industriako erreferente gisa sendotu nahi du hondakinen balorizazio aurreratuan eta material jasangarrien garapenean.
