Noël d ‘Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak ostegun honetan berretsi duenez, Eusko Jaurlaritzak “ausardiaz” jardungo du Euskadiren ekoizpen ahalmena eta lehiakortasuna defendatzeko.
Europako Gizarte Funtsaren VI. Foroaren inaugurazioan Europak bizi duen denbora “zaila” eta “kritikoa” aipatu du sailburuak. Bertan defendatu duenez, “gero eta konplexuagoa eta tentsionatuagoa” den ingurune geopolitiko batean, “inoiz baino gehiago” behar da Europa “batua” eta “indartsua”.
Adierazi duenez, “erantzun komunetatik eta lankidetza publiko-pribatu sendo batetik soilik babestu ahal izango ditugu gure balioak, gure autonomia estrategikoa indartu eta herritarren ongizatea bermatu”.
Europaren sorrerako balioak
“Biztanleria zibilaren aurkako indarkeria sistematikoa, bizitzak, etxeak eta itxaropenak suntsitzea onartezinak dira”, adierazi du sailburuak, eta agerian utzi du Eusko Jaurlaritzak “bat egiten duela Europaren sorrerako balioekin: demokrazia, bakea, askatasuna, tolerantzia, segurtasuna, berdintasuna eta justizia soziala, egunero defendatzen diren balioak baitira”.
Europako Gizarte Funtsaren (EGIF) VI. Foroak ehun bat ordezkari instituzional, gizarte-politiketan adituak eta tresna horrekin batera finantzatutako programen arduradunak bilduko ditu bi egunez Bilbon.
Irekiera ekitaldian, d ‘Anjouk Eusko Jaurlaritzak hazkunde inklusiboarekin, pertsona ahulenen babesarekin eta kohesio politika modernoarekin duen konpromisoa nabarmendu du.
Enplegua eta bizi-baldintzak hobetzea
Bere hitzaldian, gogorarazi du Europako Gizarte Funtsa Europako egitura-funtsetan beteranoena dela, 1957an sortua herritarren enplegu-aukerak eta bizi-baldintzak hobetzeko.
Anjou sailburuak Euskadiren eta 2028â2034 ziklorako Europako lehentasunen arteko lerrokatze estrategikoa ere azaldu du, eta modernizazio produktiboa bizkortzeko apustua egin du, hiru tresnaren bidez: Euskadi 2030 Industria Plana; Euskadi Eraldatuz 2030 Inbertsio Plana; eta Berrikuntza Itsasargiak.
Kohesio-politika sendoa
Era berean, Euskadik 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruaren aurrean duen jarrera berretsi du, kohesio politika sendoa defendatuz, eskualdeei baliabideak argi eta garbi esleituz, autonomia juridikoa eta finantzarioa emanez eta Europako Batzordearekiko elkarrizketan zuzenean parte hartuz.
Sailburuak adierazi duenez, Europako Gizarte Funtsak Autonomia Erkidegoan finantzatutako proiektuak “zorroztasunez eta erritmo onean” gauzatzen ari dira, erakundeen, gizarte erakundeen, eragile ekonomikoen eta lantalde teknikoen arteko lan koordinatuari esker.

