Nafarroako Gobernuak baimena eman du 2.522.500 euroko urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzeko, European Circular Innovation Valley – ECIV (Berrikuntza Zirkularraren Europako Harana) izenekoaren lehen deialdian hautatutako entitate nafarren proiektuak diruz laguntzeko.
Gogoratu behar da Nafarroak oso posizio nabarmena hartu duela deialdi honetan, Europako hainbat eskualdetako 117 entitatek aurkeztutako 21 proposamenetatik 13tan esku hartzen baitu, datorren ekainean amaituko den ebaluazio prozesu baten esparruan. Zehazki, Nafarroa nazioz gaindiko zortzi proiekturen buru da, eta beste bost proposamenetan parte hartzen du.
Jasangarritasuna, baliabideen erabilera eraginkorra eta balio kate berriak sendotzea sustatzen duten proiektuak dira. Proposamenek Europako ekonomia zirkularrerako funtsezko eremuak hartzen dituzte, hala nola nekazaritzako elikagaien azpiproduktuen balorizazioa, bioprozesu eta biomaterial aurreratuen garapena, industria sinbiosia, materialen zirkulartasuna eta berrerabiltzeko eta birziklatzeko soluzioak, edo uraren eta lotutako baliabideen tratamenduaren optimizazioa.
Foru Komunitateak deialdi honetan duen protagonismoa aurreko hilabeteetan ECIV taldeak Nafarroan egindako lan gogorrari zor zaio, informazio saioekin, topaketa teknikoekin eta etengabeko laguntzarekin, parte hartzen duten entitateen arteko trukea erraztu dutenak.
ECIV taldearen matchmaking plataformak (helburu komunak dituzten erakundeak parekatzea) aukera eman du bazkideak identifikatzeko eta lankidetza berriak sortzeko, programaren lehentasunekin ondo lerrokatutako partzuergo sendoak eratzeko pentsatuta.
Gaur baimendutako dirulaguntzen aurrekontuarekin, prozesu honetan azkenean hautatzen diren Nafarroako entitateen proiektuak finantzatzen ahalko dira.
Ekonomia zirkular baterako trantsizioa bizkortzeko Europako lankidetza ekimena
European Circular Innovation Valley – ECIV lankidetza ekimen bat da, Europa osoko eskualdeak batzen dituena ekonomia zirkular baterako trantsizioa bizkortzeko. Berrikuntza zirkularrerako Europako agertoki gisa planteatzen da, non enpresek, ikertzaileek, unibertsitateek, berrikuntza agentziek, gobernuek eta komunitateek bat egiten duten hondakinak baliabide bihurtzeko, produktu adimendunagoak diseinatzeko eta balio kate erresilienteak eta inpaktu txikikoak eraikitzeko.
Nafarroako Gobernuak Sodena enpresa garapenerako sozietate publikoaren eskutik gauzatuko du proiektu hau. Gogoan izan behar da ekonomia zirkularra Foru Gobernuaren lehentasun estrategikoa dela, Espezializazio Adimenduneko Estrategian (S4) txertatua eta Navarra Zirkular bezalako programetan islatua, erakunde publikoen, enpresen eta ikerketa zentroen arteko lankidetza sustatzeko pentsatutako ekimena.

