Eskubide Sozialak, Gizarte Ekonomia eta Enplegu Departamentuak duela gutxi argitaratu du Nafarroako Aldizkari Ofizialean adineko pertsonei eta/edo desgaitasuna duten pertsonei autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko laguntza-produktuak erosteko dirulaguntzen deialdia. Horretarako, Sailak 50.000 euro bideratuko ditu, mota horretako produktuak erosteak eragiten dituen gastuetan laguntzeko.
Deialdi honen bidez, Sailak diruz lagunduko du norberaren zaintza eta babesa erraztuko duten produktuak erostea, hala nola garbitasunerako produktuak, janzteko edo eranzteko produktuak, jateko eta edateko produktuak, altzariak eta egokitzapenak, bai eta mugikortasun pertsonalerako edo komunikaziorako laguntza-produktuak ere.
Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte mendekotasun- edo desgaitasun-graduren bat egiaztatzen dutenek, edo 65 urtetik gorako pertsonek, mendekotasun- edo desgaitasun-egoeran egon ez arren, patologia egiaztatuak badituzte. Mugikortasun pertsonalerako laguntza-produktu bat erosteko dirulaguntza eskatu nahi izanez gero, % 75eko desgaitasun-maila edo handiagoa egiaztatu beharko da. Gainera, betaurrekoak edo lentillak eskuratzeko laguntza lortu ahal izateko, ikusmen-urritasunaren maila bat behar da, ikusmen-zolitasun zentrala gutxienez % 25 galtzearen ondorioz. Kasu guztietan, Foru Komunitatean benetan eta etengabe bizi dela egiaztatu beharko da, gutxienez laguntza eskatu baino urtebete lehenagotik.
Eskabideak aurtengo urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira, izapide-fitxaren bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen araudian aurreikusitako edozein lekutan.
