Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroa (CEIN) sozietate publikoaren bitartez, HEALTH azeleragailuaren seigarren deialdia bultzatzen du, Foru Erkidegoko osasunaren sektoreko ekintzailetza-ekimenei zuzendua.

Programa espezializatu honen helburua osasun-arloan negozio-ideia berritzaileak eta bereizgarriak dituzten ekintzaileei sostengua ematea da, bai eta merkaturatze-fasean dauden edo merkatuan gehienez urtebete daramaten proiektu edo startupei ere. Era berean, proiekzio handiena duen ekimenari 8.000 euroko saria emango zaio.

HEALTH azeleragailuan gehienez sei proiektuk hartuko dute parte, eta jasotako hautagaien artean aukeratuko dira, besteak beste, eduki zientifiko-teknologikoa, garapen-potentziala edo talde sustatzailearen ezaugarriak kontuan hartuta.

CEINen webgunearen bidez aurkezteko aukera

Health azeleragailuan parte hartzeko interesa duten pertsonek CEINen webgunearen bidez aurkez dezakete eskaera datorren maiatzaren 22ra arte.

Bizkortze prozesua maiatzaren 26an hasiko da eta azarora arte luzatuko da. Horrela, 12 saiotan, parte hartzen duten ekintzaileekiko lanak negozio-ereduaren konfigurazioan eta haien ekimenen enpresa-estrategiaren garapenean jarriko du arreta. Gainera, proiektuek tutoretzak eta aholkularitza espezializatua izango dute prozesuan zehar.

Gaur egun, Health azeleragailuaren akademia garatzen ari da. Akademia horrek hiru saio ditu, osasunaren arloan negozio-ideiek duten potentziala aztertzeko. Lehen saioa apirilaren 28an egin zen, eta hurrengoak bihar, maiatzaren 5ean (osasunaren arloko teknologiaren transferentzia jorratuko du), eta maiatzaren 12an (osasunaren sektoreko joerak jorratuko dira). Parte hartu nahi dutenek CEINen webgunetik eman dezakete izena.

“HEALTH azeleragailuaren 2026. urteko proiektu onenari” saria

Azeleragailua probetxuz amaitzen duten proiektuek aukera izango dute epaimahaiaren aurrean aurkezteko. Epaimahai horrek erabakiko du “HEALTH azeleragailuaren 2026. urteko proiektu onenaren” saria, 8.000 eurokoa, abian jartzeko.

Epaimahaiak, besteak beste, honako alderdi hauek baloratuko ditu: proiektuaren egingarritasuna eta merkatu potentzialaren existentzia, berritzailea izatea edo talde sustatzailearen inplikazioa.

Gainera, ekimen irabazlea CEINen “HEALTH ScaleUp 2027” osasun-startupak eskalatzeko programan sartu ahal izango da, eta CEINen Berrikuntza Mintegian instalatu, doan, sei hilabetez.

HEALTH azeleragailua CEIN HEALTH ibilbidearen parte da, eta osasun-arloko berrikuntza- eta ekintzailetza-ekimenak sustatzeko, bizkortzeko eta eskalatzeko zerbitzu espezializatuak ematen ditu.