Foru Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuak helduentzako 2026an eta 2027ko lehen seihilekoan euskara ikasteko banakako dirulaguntzen deialdia argitaratu du ostegun honetan Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Deialdiak 1.286.000 euroko inbertsioa du guztira; horietatik 1.001.000 euro A1 eta A2 mailako ikasleentzako laguntzetarako dira, eta 285.000 euro gainerako mailetarako.

Zehazki, laguntzak hiru modalitatetan banatzen dira: lehenengoa (“A” modalitatea) 2026ko urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean hasi eta 2026ko irailaren 30a baino lehen amaitzen diren ikastaroetarako; bigarrena (“B” modalitatea) 2026ko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasi eta 2027ko ekainaren 30erako amaituta dauden ikastaroetarako; eta hirugarrena (“C” modalitatea) 2025eko urrian hasi eta 2026ko ekainaren 31 baino lehen amaitzen diren A1 mailako ikastaroetarako.

Onuradunek 16 urtetik gorakoak izan behar dute, deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroan erroldatuta egon behar dute, eta euskara-ikastaroren batean inskribatuta egon behar dute, eta, besteak beste, eman beharreko laguntzaren baliokidea den ordainketaren bat egin behar dute ikastaro horretan. Era berean, oinarrietan adierazten da laguntza jasotzeko gutxienez % 80ko asistentzia ziurtatua izan behar dela, bai aurrez aurreko ikastaroetan, bai autoikaskuntzako ikastaroetan.

Eskabidea Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoko dagokion fitxaren web inprimakiaren bidez egin ahal izango da, baina NAOn argitaratutako deialdiarekin batera doan II. eranskina ere aurkeztu ahal izango da Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro eta arreta bulegotan, edo posta ziurtatuaren bidez Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutura bidali (Paulino Caballero kalea 13, Iruña).

Eskabideak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 15etik abuztuaren 31ra (A modalitatea), irailaren 1etik azaroaren 3ra (B modalitatea) eta aurtengo maiatzaren 15etik ekainaren 15era (C modalitatea) egongo da zabalik.

Ikastaroak eta laguntzen zenbatekoa

Aurrez aurreko ikastaro estentsibo eta trinkoak lagundu ahal izango dira, astean gutxienez 4 eskola-ordukoak eta gutxienez 30 ordukoak. Diruz lagunduko dira, halaber, barnetegiak, udako ikastaroak eta hiriko ikastaro trinkoak, gutxienez 10 eskola-ordu ikastaro bakoitzeko, bai eta baliabide telematikoen bidez emandako irakaskuntza ere, gutxienez 40 lanordukoa ikastaro bakoitzeko. Gainera, laguntzetan sartzen dira, halaber, berariazko euskara-irakaskuntzak eta aniztasunera egokitzekoak, baldin eta irakaskuntza horiek presentzialak badira eta 40 irakastordu baino gehiago irauten badute.

Zenbatekoei dagokienez, ikastaro-motaren eta ordu-intentsitatearen arabera zehaztuko dira. Horrela, ikastaro estentsiboetan, trinkoetan, barnetegietan eta udako ikastaroetan 125 euro (10 eta 80 ordu artean), 250 euro (81 eta 200 ordu artean), 350 euro (201 eta 270 ordu artean) eta 475 euro (271 eta 400 ordu artean) arteko laguntzak aurreikusten dira.

Autoikaskuntzako ikastaroetan, berriz, 125 euro arteko laguntzak ezartzen dira 40 eta 100 ordu bitarteko ikastaroetarako, 250 euro artekoak 101 eta 190 ordu bitarteko ikastaroetarako, eta 350 euro artekoak 191 eta 400 ordu arteko ikastaroetarako.

Azkenik, ikastaro espezifikoetarako (C2, espezializatuak edo kolektibo jakin batzuei zuzendutakoak), deialdiaren oinarriek honako urkila hauek ezartzen dituzte: 250 euro arte (40-100 ordu), 350 euro arte (101-200 ordu) eta 475 euro arte (201-400 ordu).

A1 eta A2 mailetako ikasleen kasuan, laguntzak matrikularen % 100erainokoak izan daitezke, eta gehienez 815 euro emango dira aurrez aurreko ikastaroetan eta 1.465 euro ikaskuntza-ikastaroetan.

Deialdiaren testuak, gainera, ikasturtearen barruan ikasturte bat baino gehiagorako laguntza-eskaerak egin ahal izatea jasotzen du.