Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Departamentuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (CEIN) sustatzen duten Hirugarrena ekintzailetza zientifiko-teknologikorako eta digitalerako guneak ‘coworking’ gune bat prestatu du Nafarroako ekosistema ekintzaileko erakunde eta eragileentzat.
Hirugarrenak, besteak beste, proiektuen eta ‘startup’ en eta ekosistema ekintzailearen arteko lotura erraztu nahi du, gure lurraldean eragin handiko proiektu teknologikoak eta berritzaileak sortzea eta haztea ahalbidetzeko.
Esparru horretan, gaitutako arloa ‘startup’ ak eta instalatutako ekimenak garatzen eta hazten lagundu nahi duten ekintzailetzaren arloko erakunde aktiboei zuzenduta dago: berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin lotura duten enpresak, ikerketa- eta berrikuntza-erakundeak, enpresak sustatzeko erakunde, elkarte eta kluster publiko-pribatuak eta enpresa-ekimenetarako finantzaketa bilatzen laguntzen duten eragileak.
Onarpen-modalitate berriari esker, aldez aurretik erreserbatuta, ‘coworking’ ean eskuragarri dauden sei postuetako bat eskuratu ahal izango da, baita espazio komunak ere, hilean 40 orduko poltsa batekin. Onarpen-eskaera CEINen web-orrian dagoen formularioaren bidez bete behar da.
Gune honek zabalik daramatzan bi hilabete eta erdian 33 jarduera antolatu dira eta 800 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute.
‘Startup’ berriak
Bestalde, Hirugarrenak lau startup berri hartuko ditu gaurtik aurrera: Amets Biotechnology, Biar Technology, Mirror Health eta Naubat Technologies. Sarrera horiekin, sei dira jada bulegoetan eta coworking espazioan instalatutako startupak.
Sarrera-kontratuak sinatzen parte hartu dute Garbiñe Basterrra Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, I+G+b Enpresarialeko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak, Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Uxue Itoiz CEINeko zuzendari gerenteak.
Amets Biotechnology gaixotasun arraroen tratamendurako eta/edo prebentziorako terapia genikoko soluzioen ikerketan eta garapenean bitartekari-lanak egiten ditu, bai eta aholkularitza-zerbitzuak, aholkularitza zientifikoa, saiakuntza klinikoak eta teknologiaren transferentzia ere. Biar Technologyk, berriz, IAko aholkularitza-zerbitzuak eta automatizazioak eskaintzen dizkie enpresei, eta produktuak garatzen ditu administrazio-prozesuak optimizatzeko. Mirror Healthek adimen artifizialeko konponbideak garatzen ditu osasunean, batez ere ebidentzia sortzeko, elkarreragingarritasunerako, biki digitaletarako eta datu sintetikoetarako eremuetan. Eta Naubat Technologies-ek ibilgailu elektrikoen telemetria-produktuak eta -zerbitzuak garatzea eta datuen analisi aurreratua egitea du helburu, eragiketa optimizatzeko.
Espazio fisikoa eta zerbitzu espezializatuak
Hirugarrenak, kokapen fisikoaz gain, ekintzailetza teknologiko eta berritzailea sustatzeko eta startup digital eta teknologikoak martxan jartzen eta hazten laguntzeko programa eta zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditu. Sartzeko eskaera CEINen web orriaren bidez egin behar da.
Hirugarrena martxan jartzea Tech FabLab proiektuaren barruan dago. Proiektu horren bazkide da Nafarroako Gobernua, Errioxa, Aragoi, Kantabria, Katalunia eta Valentziako Erkidegoarekin batera. Proiektu hau RETECH ‘Ekintzailetza Digitaleko Sareak’ deialdiaren parte da, eta Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak finantzatzen du, Next Generation EU funts europarren bidez.
