Lurralde Kohesio Sailak bi laguntza-ebazpen onartu ditu Pirinioetako despopulazioari aurre egiteko tokiko erakundeek eta inguruko irabazi-asmorik gabeko elkarteek bultzatutako ekimenak babesteko. Pirinioetako toki-erakundeentzako dirulaguntzen deialdiak 190.000 euroko aurrekontua du, eta irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, berriz, 85.000 eurokoa. Eskaera egiteko epea datorren astean irekiko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratu ondoren.

Pirinioetako Planaren barruan dauden laguntzak dira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez bultzatutakoak. Nabarmentzekoa da aurten % 58 igo dela toki-erakundeentzako deialdiaren kasuan, eta % 30 elkarteentzako dirulaguntzen kasuan (iaz 120.000 eta 65.000 euroko laguntzetarako deialdia egin zen, hurrenez hurren).

Jesús María Rodríguez Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak nabarmendu du laguntza horiek despopulazioaren aurka borrokatzeko estrategiaren parte direla, erronka demografikoaren eta lurralde-egituraketaren aurrean. “Despopulazioaren aurka borrokatzeko gakoetako bat lurraldetik gertu dauden eragileekin lan egitea da, zerbitzu publikoak hobetzea, biztanleak finkatzea eta diskriminaziorik eza bermatzea ahalbidetuko duten politikak ezartzea”, adierazi du zuzendari nagusiak.

Toki-erakundeentzako laguntzak Pirinioetako Planean planteatutako eskaerei eta premiei erantzuten laguntzen duten ekintza guztietarako pentsatuta daude, eta helburuak lortzen laguntzen dute, honako gai hauetan oinarrituta: turismo iraunkorra; hurbileko merkataritza; zerbitzuak; industriak; ekintzailetza berdea; lurralde-garapen iraunkorra; abeltzaintza; nekazaritza; basogintza; etxebizitza; garraioak eta azpiegiturak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen % 80 izango da, baldin eta proiektua toki-erakunde batek banaka aurkezten badu, 15.000 euro arte gehienez; eta % 90 toki-erakunde bik edo gehiagok aurkeztutako proiektuen kasuan, 20.000 euro gehienez.

Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat

Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat gaitutako laguntzek lurralde-garapen iraunkorra sustatzen duten proiektuak finantzatuko dituzte hainbat arlotan, hala nola ingurumenean, ondarean, garapen ekonomikoan, inguruko biztanleriaren prestakuntzan eta enplegagarritasunean; kultura, aisia eta hezkuntza sustatzera bideratutako proiektuak, inguruko kultura-ondarearen eta herri-tradizioen babesa, kontserbazioa eta hedapena bermatzen dutenak; herritarren, asoziazionismoaren eta boluntarioen parte-hartze aktiboa sustatzen duten beste esparru batzuetako proiektuak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa banakako proiektuetarako justifikatutako diruz lagun daitezkeen gastuen % 80 izango da, 3.000 euro gehienez, eta lankidetza-proiektuetarako diruz lagun daitezkeen gastuen % 100, 5.000 euro gehienez.

Pirinioetako Plana 2020an sortu zen, eta, ordutik, dozenaka jarduera egin dira, 18 milioi eurotik gorako balioarekin. Horiei aurten aurreikusitako 3,1 milioiko ekarpena gehitu behar zaie. 32 udalerri daude.