Guztira 27 gaztek jaso dute astelehen honetan INTIA sozietate publikoak emandako nekazaritza-sektorean sartzeko ikastaroa amaitu izana egiaztatzen duen diploma. Titulu horren bidez, ikasleek justifika dezakete Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kudeatzen dituen laguntzak jasotzeko behar diren gaikuntza eta gaitasun profesional egokiak. Izan ere, 27 gazte horietatik 23k lehen instalazioko Lurberri programaren laguntzak eskatu dituzte edo badauzkate.
Rubén Goñi Landa Garapeneko zuzendari nagusiak diplomak banatuz eman dio amaiera ikasturte honi, eta ikasle taldea zoriondu du, esanez gazteak gero eta hobeto prestatuta daudela Nafarroako lehen sektore oso profesional eta trebe bateko kide izateko. “Zorionak ekiteko gaitasunagatik, Nafarroan pisu espezifiko handia duen sektore baten etorkizuna zaretelako eta gure landa eremuak biziberritzeko erronka garrantzitsuan aktore nagusiak zaretelako”. Gainera, sektorean sartzen diren pertsonak duela hamar urteko datuekin alderatuta % 95,71 gehitu direla azaldu du. “2016an 70 ziren, eta orain, berriz, 137. Horrek esan nahi du eskaria, potentziala eta erakarpena daudela”.
Lurberri programako laguntzak
INTIA funtsezko zeregina betetzen ari da gazteentzako aholkularitzan eta prestakuntzan, eta, hain zuzen ere, lehen instalazioko Lurberri programaren laguntzak eskatzen dituzten gazte nafarren % 62 ikastaro horien bidez kualifikatzen da. Nabarmentzekoa da belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko Lurberri programa 2024tik dagoela martxan, eta, bigarren urtean, aurrekontua % 20 handitu dela, gazteen eskaera handia dela eta.
Bestalde, INTIAko zuzendari gerente Natalia Bellostasek ere parte hartu du diplomen banaketan, eta adierazi duenez, “aurten ere pozten gara sektorerako lehen urrats sendo eta ausart hau nola egiten duzuen ikusteaz. Badakigu bide luzea dela, baina baita aukeraz eta hazkundeaz betea ere. Zuen lana egiteko hain beharrezkoa den lehen prestakuntza honetan bezala, INTIAn ezagutzarekin, berrikuntzarekin eta laguntza teknikoarekin lagunduko dizuegu, elikagaien kalitatearekin eta landa ingurunearen etorkizunarekin konprometituta dagoen sektore baterantz elkarrekin aurrera egiteko”.
Zonaldeen eta sektoreen araberako banaketa
Lehen ikasturte hau amaitu duten 27 gaztetatik (18 gizon eta 9 emakume) 16 nekazaritzan instalatuko dira eta 11 abeltzaintzan. Nekazaritzako adarrean sartuko diren ikasle gehienek zereala ustiatuko dute gehienbat. Gainerakoa mahastiekin, fruta-arbolekin, olibondoekin edo arbendolekin egingo du. Abeltzaintza-sektorean jarriko diren 11 pertsonetatik, lauk haragitarako behiekin egingo dute, bik haragitarako ardiekin, bik esnetarako behiekin eta gainerakoek zaldi- eta txerri-aziendarekin eta erlezaintzarekin.
Ikasle gehienak Nafarroako Erriberakoak dira (hamaika pertsona), eta gainerakoak, berriz, Nafarroa Erdialdekoak (lau), ipar-mendebaldekoak (lau), Pirinioetakoak (hiru), Iruñerrikoak (hiru) eta Lizarraldekoak (bi pertsona).
Ikastaro hauen hurrengo edizioa abuztuaren amaieran hasi eta abenduan amaituko da. Sektorean sartzen den eta prestakuntza espezializatu hori jaso nahi duen gazte orok aurreinskripzioa egin dezake INTIAren Prestakuntza telefonora deituz: 948013058
INTIAren prestakuntza programa Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak finantzatzen dute.

