Nafarroako Gobernuak gaur, asteartea, irekiko du enpresa nafarrek soluzio teknologiko digitalak prestatzeko eta ezartzeko dirulaguntzen deialdi berri bat eskuratzeko epea, trantsizio digitala sustatzeko helburuarekin. Deialdia 1,7 milioi eurokoa da eta azaroaren 6ra arte egongo da zabalik.
Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Sailak kudeatzen ditu laguntzak, eta autonomoei, merkataritza-sozietateei, kooperatibei, fundazioei, elkarteei eta sozietate zibilei zuzenduta daude, nortasun juridikoa izan edo ez. Enpresa onuradunek establezimendu bat izan beharko dute Nafarroan, diruz lagundutako proiektua garatzeko, eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan (JEZ) alta emanda egon beharko dute.
Astelehen honetako Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratutako deialdiaren oinarrien arabera, hiru proiektu-modalitate diruz lagunduko dira, soluzio teknologiko digitalak (A motakoak) ezartzeko, Eraldaketa Digitaleko Planean antzemandako eraldaketa digitalerako soluzioak ezartzeko eta/edo zibersegurtasun arloko ekintzak egiteko (B motakoak) edo gaitasun digitalei buruzko aholkularitza eta prestakuntza emateko (C motakoak).
Eskaerak modu telematikoan aurkeztu behar dira
Eskaerak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoan eskuragarri dagoen fitxaren bidez. Dirulaguntza hori banakako ebaluazio-erregimenean emango da; beraz, eskabideak oinarrietan ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira eta dagokion intentsitatea esleituko da. A eta B modalitateetan, % 15eko intentsitate gehigarria aurreikusten da 15 langile baino gutxiagoko enpresen kasuan, eta % 5ekoa lau kasu horietako bakoitzean: genero-berdintasunerako neurriak ezarri izana egiaztatzea, Enplegu Zentro Berezi batekin edo Laneratzeko Enpresa batekin kontratazioak egin izana, gazteen laneratzearekin konpromisoa izatea edo muturreko despopulazio-arriskua, intentsitate handikoa, handia edo gainbehera handia duen udalerri batean kokatzea.
Laguntza horien bidez, arazo bat konpontzeko edo enpresetan negozio-aukera bat sortzeko soluzio teknologiko digitalen prestakuntza eta ezarpena erraztu nahi da, bai eta horiek Business Intelligenceko (Big Data, adimen artifiziala, hodeiko zerbitzuak, prozesuen hobekuntzak, zibersegurtasuna, hornitzailearen/bezeroaren arteko harremanak eta erakundearen kudeaketa) tresnak eta prozesuak txerta ditzaten ere. Zibersegurtasun planak (PCS) eta eraldaketa digitaleko planak (PTD) egitea ere bultzatuko da, enpresak digitalizazioaren arloan duen egoeraren diagnostiko batekin, interes estrategikoekin lerrokatutako teknologia aurreratuen erabilera ebaluatuko dutenak.
