Jaurlaritzak 50.000 euro bideratu ditu Confebaskera migratzaileen enplegua bultzatzekoErregularizazio-prozesuari heltzeko ilaran dauden migratzaileak.

Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du 50.028 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea Confebaski, migratzaileak euskal enpresetan laneratzen laguntzeko programa bat bultzatzeko.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du Confebasken eskutik abian jarritako programa bat dela, eta laguntza “erabaki espezifiko eta puntual” batean kokatu du, Espainiako Gobernuak bultzatutako ezohiko erregularizazio prozesuaren aurrean.

Laneratzea
Ekimena Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak proposatu du, eta helburu hau du: enpresei, batez ere txikiei eta ertainei, atzerritartasunaren arloko arau-esparrua argi eta eguneratuta ezagutzeko aukera ematea, eta migratzaileak kontratatzeko banakako aholkularitza teknikoa eta juridikoa ematea.

Ubarretxenak azaldu duenez, programak aukera emango die ETEei atzerritarrak kontratatzeko aholkularitza izateko eta enplegu “eskaintzen eta eskarien” arteko lotura errazteko.

Era berean, eremu horretako “oztopoak” eta “jardunbide egokiak” hautematen lagunduko du, etorkizuneko politika publikoak diseinatzean kontuan hartu ahal izateko.

Diru-laguntza zuzena da; izan ere, Eusko Jaurlaritzak uste du proiektua salbuespenezko egoera bati lotuta dagoela, ezohiko erregularizazio-prozesuari eta EAEn orain arte modu irregularrean dauden pertsonen lan-baimenari lotuta. Exekutiboaren arabera, egoera hori ezin da sailak kudeatzen dituen ohiko deialdietan kokatu. Programa laguntza ematen denetik 2026ko abenduaren 31ra arte garatuko da.