Jauregik Euskadi 2030 Industria Plana aurkeztu du, inbertsio publiko-pribatuko 15.900 milioi euro mobilizatuko dituenaMikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Zabaldu+ programa abiarazi du, enpresa txiki eta ertainei nazioarteko merkatu berriak bilatzen laguntzeko. Enpresa txiki eta ertainei 13,6 milioi eurorainoko laguntza emango die, hau da, aurreko edizioan baino % 40 gehiago.

Programa horren bidez, Eusko Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainei lagunduko die nazioartekotze-prozesuaren fase guztietan: merkatu berrietara sartzetik hasi eta nazioartean sendotzeraino.

Zabaldu+ programa enpresa txiki eta ertainen eraldaketa eta dibertsifikazioa sustatzeko laguntzen barruan sartzen da. Laguntza horiek Industria Defentsarako Taldean iragarri ziren, Trumpen muga-zergen eragin bikoitzari eta Ormuzen itxieraren ondoriozko krisi energetikoari aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzarentzat, ETEak dira euskal industriaren bizkarrezurra. Horregatik, Jaurlaritzak bere industria-politikaren erdigunean jartzen du enpresa txiki eta ertainei laguntzea, haien hazkundea eta nazioarteko lehiakortasuna bultzatzeko helburuarekin.

Hala, 2026ko aurrekontu errekorrari 87 milioi gehiago gehitu zaizkio ETEak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzetan. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ETEentzako laguntzetara, hau da, % 51,4ko igoera 2025eko aurrekontuarekin alderatuta.

Zabaldu+ gero eta konplexuagoa den nazioarteko testuinguruari erantzuten dio, balio-kate globaletan arriskuak, protekzionismoa eta tentsioak areagotzen ari direlako. Agertoki horren aurrean, ‘leihatila bakarra’ indartsuagoa, sinpleagoa eta eraginkorragoa izango da.

Nazioartekotzearen aldeko babes instituzionala

Ziurgabetasun geopolitiko eta komertzialaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak jauzi kualitatibo bat eman du nazioartekotzearen aldeko babes instituzionalean, bost ardatz nagusitan oinarrituta: laguntzen intentsitate handiagoa; sinplifikazio administratiboa; espezializazioa; merkatuen dibertsifikazioa bultzatzea; eta ingurune konplexuetan enpresa-lankidetza sustatzea.

Bere berritasun nagusien artean, Zabaldu+ek nazioarteko merkatu zorrotzagoei heltzeko lankidetza-proiektuak ere bultzatzen ditu, eta ekimen pilotuak sustatzen ditu, denborari eta emaitzei begira.

Inpaktuari dagokionez, programak 390 proiektu baino gehiago laguntzea aurreikusten du, ETEen nazioartekotzean 34 milioi euro inguru mobilizatuz. Era berean, proiektu bakoitzeko batez besteko dirulaguntza nabarmen handitu da, eta irismen eta arrisku handiagoko ekimenen finantzaketa indartu da. Uztailaren 7an ireki den programa irailaren 15era arte egongo da indarrean.