Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun Sailak azarora arte irekita ditu euskal ETEen eraldaketa digitala bultzatzeko laguntza programak. Adimen Artifizialeko programa bat da, azaroaren 2ra arte irekia, eta Zibersegurtasun Industrialekoa, berriz, hilaren 23an amaituko da.
Eusko Jaurlaritzak 28 milioi eurora igo ditu aurten EAEko enpresa txiki eta ertainak eraldatzeko programa horiek, digitalizazioaren bidez; 14 milioi euro, zerbitzu eta prozesu industrialei aplikatutako adimen artifizialeko proiektuei laguntzeko; eta beste 14 milioi euro, zibererasoen eta informazio sentikorraren lapurreten aurrean euskal industria indartzeko, hornitzaile espezializatuen laguntzarekin.
Euskadiko industria-ezkutua
Hazkunde hori, 22 milioitik 28 milioira, Ekialde Ertaineko gatazkaren ondorioei aurre egiteko Euskadiko ezkutu industrialaren neurri sortaren barruan kokatzen da. Zehazki, Lakuak % 51,4 handitu ditu, 87 milioi gehiago, ETEak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ETEentzako laguntzetara.
Mikel Jauregi sailburuak bere garaian gogorarazi zuenez, Davosen aurkeztutako World Economic Forumaren txostenaren arabera, “ELGAko herrialdeetan, datozen 5 urteetan, enpresen % 80k AA onartuko dute beren prozesuetan, eta horrek eragina izango du enpleguen % 40ren lan egiteko moduan”.
Proiektuaren % 60, 100.000 euro gehienez
Zentzu horretan, Adimen Artifiziala 2026 programa adimen artifiziala beren prozesuetan, produktuetan edo kudeaketa ereduetan txertatzen aurrera egin nahi duten industria enpresei eta horiei lotutako zerbitzu enpresei zuzenduta dago. Laguntzak proiektuaren % 60 estali ahal izango du, gehienez 100.000 euro enpresa bakoitzeko, eta, beraz, aukera garrantzitsua da eraldaketa digitaleko ekimenei anbizio handiagoarekin ekiteko.
Euskal industria sarearen zibersegurtasuna eta lehiakortasuna bermatzeko, programak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak eskaintzen ditu, proiektuaren gastu hautagarrien % 60raino eta urtean 100.000 €-raino enpresa bakoitzeko. Enpresaren barne zibersegurtasuna hobetzeaz gain, laguntzek aukera ematen dute produktuaren zibersegurtasun proiektuei heltzeko bere bizi ziklo osoan: diseinu segurutik eta kodearen berrikuspenetik, zifratzeraino, ahultasunen kudeaketaraino eta produktuaren ebaluaziora edo ziurtapenera.
Bi programa horiek Euskadi 2030 Industria Planaren Industria Onenaren Ardatzaren lehentasunetako bat dira, zehazki Adimen Artifiziala eta Zibersegurtasuna sustatzeko beharra adierazten duena. Programaren helburua da irbazi, hazi eta jauzi sektore estrategikoak indartzea eta garatzea, zibersegurtasunaren eta enpresa erresilientziaren hobekuntza sustatuz.

