Watercutek garatutako diseinuetako bat.

Ahalik eta babes handiena bermatzea kostu logistiko txikienarekin, bezero bakoitzarentzako irtenbide pertsonalizatuaren bidez. Hori da Watercut-en helburu nagusia. Bi hamarkadako esperientzia du bilgarri industrialen neurrira egindako soluzioen diseinuan eta fabrikazioan, biltegiratzean, manipulatzean eta garraiatzean produktuak babesteko. “Polietilenozko apar teknikoekin lan egiten dugu batez ere, inpaktuak xurgatzeko, kalteak saihesteko eta espazio logistikoa optimizatzeko”, nabarmendu du María Uriartek, Watercut enpresako zuzendaritzako kideak.

Gaur egun, enpresa bizkaitarra bere kudeaketa eraldatzeko proiektu baten garapenean murgilduta dago. Proiektu horren helburua da “prozesu produktibo eta dokumentalen digitalizazioa, automatizazioa eta optimizazioa indartzea”. “Kudeaketa eraginkorrago eta iraunkorrago baterantz aurrera egitea da helburua, gure bezero industrialen beharrei erantzuteko gaitasuna hobetuz”, aitortzen du. Uriartek argitu duenez, “lehiakortasuna eta kudeaketa aurreratua hobetzeko gure etengabeko apustuaren” parte da proiektu hori.

Euskal enpresak berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten du. “Gure enpresa-estrategiaren parte da”, ziurtatu du zuzendaritzaren ondokoak, eta “produktuen diseinuan zein barne-prozesuen hobekuntzan, digitalizazioan eta jasangarritasunean” aplikatzen du. Epe laburrera begira, “gure prozesuen digitalizazioan eta automatizazioan aurrera egitea eta gure jardueraren iraunkortasuna indartzea” du helburu.

Soluzioak osagai industrialentzat

Enbalajeen helburua da balio handiko produktuak babestea kate logistiko osoan. Produktuari kalteak saihesteaz gain, “espazio erabilgarria optimizatzea, barne-antolaketa hobetzea eta garraio-kostuak murriztea ahalbidetzen dute”, azpimarratu du. Gainera, azken urteotan soluzioak garatu ditu osagai industrialentzat, elektronikoentzat eta ekipo teknikoentzat, non “espazioa murrizteak, inpaktuetatik babesteak eta enbalajea berrerabiltzeak eragin ekonomiko oso garrantzitsua duten bezeroentzat”, ziurtatu du María Uriartek.

Watercotek hainbat industria-sektoretan egiten du lan, hala nola elektronikan, automobilgintzan, ekipo-ondasunetan, makina-erremintan edo manufaktura-industrian, besteak beste, “200 bezero aktibo inguruko zorroarekin eta 2,5 milioi euro inguruko urteko fakturazioarekin”, adierazi du. Bizkaiko enpresak dozena bat langile ditu, eta batez ere Iberiar Penintsulako, Frantziako eta Alemaniako merkatuan jarduten du.

20 urte hauetan, konpainiak SPRI Taldearen hainbat programatan parte hartu du, hala nola Hazitek, Hobeki Digitala edo Renove programetan. “Oso positiboa izan da, industria-enpresa txiki eta ertainei kudeaketa, berrikuntza, jasangarritasuna eta merkatu gero eta zorrotzagoetan lehiatzeko gaitasuna hobetzen duten proiektuei aurre egiten laguntzen dietelako”, dio.