Europako Batzordeak 450.000 euroko laguntza teknikoa eman dio Nafarroari, No Limits programa garatzeko. Erkidegoaren gidaritzapean dago programa hori, eta enpresa txiki eta ertainen berrikuntza-, ekoizpen- eta lehiakortasun-gaitasuna handitzea du helburu, lehen mailako profesionalen diagnostiko baten bidez. Hala iragarri zuten atzo Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Mikel Irujo Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariak.

Nafarroako Gobernua buru duen ekimena da, eta Madrilek, Andaluziak eta Extremadurak parte hartzen dute. Europa mailan, eskualdeetako gobernuei eman zaien proiektu bakarrenetakoa da. Ollok nabarmendu duenez, emakida hori “oso albiste ona da Nafarroarentzat”, “Gure proiektuekin lehiakorrak garela erakusten baitu”. Proiektu horren bidez, EKren lizitazio-fasean, lau erkidegoek “maila goreneko laguntza teknikoa” izango dute, trantsizio digitalerako eta ekologikorako jauzian enpresa txiki eta ertainen ekintzailetza-ekosistemei buruzko diagnostikoa egingo duten profesional talde baten lanari esker, Irujok azaldu zuenez.

Adierazi dutenez, lau erkidegoetako “ekosistemetako enpresa txiki eta ertainen berrikuntza-, ekoizpen- eta lehiakortasun-gaitasuna handitzea” eta pandemiaren aurrean duten erantzuna sendotzea da proiektuaren helburua. Horrez gain, adierazi zuten autonomia erkidego horietako gobernuak metodologia neurtua eta jarraipen-eredu orokorra izan nahi duela, ekosistema koordinatzeko eta erabakiak hartzeko informazio erantsia emateko, hainbat abiadurako mapaketa batean oinarrituta, eta, hartara, beharrezko neurriak hartzeko. Laguntza tekniko horrek “Next Generationen proposamenak hobetzen” lagunduko die Nafarroari eta beste hiru erkidegoei.

Lan horren bidez, sailburuak adierazi zuenez, ekosistemaren eskualde-operadoreen arteko koordinazioa eta lankidetza bilatzen da, ekintzaileei zerbitzuak hobeto ematea, eskualdeen arteko sinergiak ezartzea eta sortzen ari diren teknologien eskurapena eta eraldaketa digitala hobetzea. Europako Batzordeak 226 proiektu onartu zituen 27 estatuetan, IATaren esparruan, 102,6 milioirekin 2021erako, EBn ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa sustatzeko. Espainiak 15 proiekturen laguntza jasoko du: besteak beste, No Limits.

Egilea Andoni Beitia