Burdinola laborategi-plangintzan, integrazioan eta instalazioan espezializatutako enpresa da. Haren ordezkarien arabera, nanoteknologia gorakada betean dago, eta gizarte-iraultza bat eragin dezake. Nano esparruan ikertzeak eta inbertitzeak onura handiak ditu, baina baita arriskuak ere.

Segurtasunari dagokionez, nanoteknologia eta nanomaterialen erabilera lan-eremuan agertzen diren arrisku nagusietako bat da. “Nanomaterialak manipulatzean, neurri espezifikoak behar dira operazio ohikoenak segurtasun osoz egin ahal izateko, bai langilearentzat, bai laginarentzat”, adierazi du Mikel Martinez Burdinolaren zuzendari nagusiak.

Amoroton egoitza duen enpresa bizkaitarrak nanopartikulekin lan egiteko testatutako lehen laborategi-kamera sortu du, erabiltzailearentzat zein laginarentzat segurtasun handiena bermatuz. Lau urte iraun duen garapena izan da hori. Bere diseinuari esker, Nano Chamber izeneko kamera horrek laborategiko eremuan nanopartikulak askatzea saihesten du.

Nanosegurtasunaren arloko beste proiektu batzuetan, nanopartikulen toxikotasunean jarri da arreta batez ere, baina ez nanopartikulek sektorean lan egiten duten ikertzaileengan eta erabiltzaileengan dituzten arriskuetan.

Nano Chamberren bidez, Burdinolak nazioarteko garapen handiagoa lortzeko merkatu estrategia bat jarraitzen du. Etorkizunari begira, presentzia duen herrialdeetan lidergoa mantendu eta areagotu nahi du.

Egilea Admin