Hirugarren olatuaren intentsitateak eta horri lotutako murrizketek, tokiko esparruan ez ezik, Europa osoan ere, jarduera ekonomikoa eta eskaria ahuldu dute 2021aren hasieran. Eta, nahiz eta martxoko datuak hobeak izatea espero den, sektore batzuetako mugikortasunaren eta jardueraren mugak txikiagoak baitira, eskura dugun informazioaren arabera litekeena da lehen hiruhilekoko BPGak pixka bat atzera egitea.

Urte hasiera honek susperraldiaren itxaropenei eustea eta 2019tik 2023ra bitarteko BPGaren balioetatik urruntzea ekarri du. Ekonomiaren susperraldia atzeratzeak eta krisiak irauteak eragin dute partida honetan gure apustu osoa bi elementuren alde egitea. Lehenengoa osasun-arloa da. Ez dezagun ahaztu krisi ekonomikoaren eta osasun-krisiaren arteko lotura estua; beraz, espero dugu txertoen segurtasunari buruzko zalantzak uxatzea eta txertaketak nahi den erritmoa hartzea, udarako talde-immunitatea lortzeko. Beste elementua pizgarri ekonomikoak dira, izan Gobernu zentralak onartutako 11.000 milioi euroko laguntzak, izan Europar Batasunetik jasoko ditugun zorioneko 140.000 milioi euroak.

Dena ondo zentratuta dago, baina oraindik ez dirudi oso argi dagoenik nola jarriko den martxan eta zein izango den autonomia- eta foru-administrazioen zeregina.

“España puede”

Hilabeteak daramatzagu hitz egiten Europatik iritsiko denaz, baina asko aurreratu gabe. Oraingoz, “España Puede” lelopean, 27.000 milioi euro sartu dira aurtengo Estatuko Aurrekontu Orokorretan, 4 ardatzetan, 10 palanka-politikatan eta 30 osagaitan, Espainiako ekonomiaren berreskurapen-, eraldaketa- eta erresilientzia-plan ospetsua eratzeko. Informazio horretatik harago, ez dakigu helburuak eta epeak zein diren, autonomia-erkidegoek parte hartzen duten ala ez, edo ETE-etara dirurik iritsiko den. Hori bai, badakigu dirua ez dela bigarren seihilekora arte iritsiko, kasurik onenean.

Egilea Admin