Teknikerrek eta Zayerrek zehaztasuna hobetzeko lanean dihardute

Tekniker teknologia zentroa eta Zayer enpresa elkarlanean aritu dira tamaina handiko makina-erremintak muntatzeko prozesuan “zehaztasun handiagoa” bermatuko duen soluzio digital bat diseinatzen eta garatzen.

Tekniker Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kideak atzo azaldu zuenez, Zayer makina-erremintan espezializatutako enpresarekin elkarlanean diharduen Precision 4.0 proiektuak “software berri bat garatu du, Laser tracker teknologiaren bidez makina-erremintaren muntaketa zehatzerako laguntza gauzatzeko”.

Unai Mutilba Teknikerreko ikertzaileak nabarmendu duenez, “Software honek muntaketa-prozesuko datuak eskuratzeko eta prozesatzeko aukera ematen du, makina-erreminta bakoitzaren muntaketaren trazabilitatea digitalizatuz eta ziurtatuz”.

Etekinen artean, prozesuaren denbora eta konplexutasuna ahalik eta gehien murrizten dituela aipatu zuen, sinpleagoa eta azkarragoa eginez, eta trazabilitatea ziurtatzen duela, softwareak prozedura osoa digitalizatzeko eta funtsezko informazioa biltzeko aukera ematen duelako.

Gainera, “Makina-erreminta bat muntatzeko prozesua modu zehatzean bermatzeko, neurketa-sistemak hainbat urrats egiten ditu, muntaketa-prozesuaren digitalizazioa osatzen dutenak”.

Horrela, prozesuak ez du soilik muntaiaren informazioa neurtzen eta erregistratzen, baizik eta pantailan eta denbora errealean erakusten dira interesguneen koordenatuak. Horri esker, makina-erremintaren muntaketa egiten duen pertsonak gorputzak espazioan eta denbora errealean duen posizioa eta orientazioa zuzendu dezake, ikertzaileak proposamenaren balio erantsi gisa adierazi zuen bezala.