Huerta de Peraltako bi greba egunak, maiatzaren 3an eta 5ean egitekoak, bertan behera utzi dituzte, “Enpresako zuzendaritzak lan-giroa hobetzeko neurri zehatzak onartu ostean”, LABek jakitera eman duenez.

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, “Tratu desorekatuak eta eguneroko izapide oinarrizkoenetan euren eskubideak baliatzeko zailtasunek giro itogarrian langileen haserrea eragiten zuten; hori dela eta, langileen asanbladak erabaki zuen tratu txar horien aurrean planto egitea eta bi greba egun deitzea”.

Joan den ostegunean, apirilaren 29an, lehen bilera egin ondoren, zuzendaritzaren eta LABen arteko negoziazioak hasi ziren, eta “apirilaren 30eko arratsaldeko azken orduan greba batzordeak proposatutako neurri zehatz gehienak jasotzen dituen akordio batera iritsi zen”, azpimarratu du.

Akordioak “enpresako zuzendaritzaren eta langileen arteko komunikazioa errazteko mekanismoak” ezartzen ditu, “Gatazka egoerak saihesteko balio beharko luketenak, horrela Huerta de Peraltako lan-harremanen tentsioa murrizten laguntzeko”, sindikatuak azaldu duenez.

Akordioak “lantokiko lan-baldintzak arautzeko negoziazioei berrekitea dakar”, adierazi du LABek, eta “eraginkortasun orokorreko Enpresa Itunaren alde” egin du, “Langileek batzarretan adierazten dituzten aldarrikapenak jasoko dituena, Nafarroako Nekazaritza eta Abeltzaintzako Hitzarmen Kolektiboaren baldintzak hobetzeko”.

Egilea Andoni Beitia