Bruselara bidali eta atzo argitaratu zen Berreskuratze, Eraldaketa eta erresilientzia Planaren barruan, zerga-sistema XXI. mendeko errealitatera egokitzeari buruzko kapitulua nabarmentzen da, eta Espainiako Gobernuak ziurtatu duenez, “Aireko sektorearen fiskalitatea berrikusi beharko da isurien gainean jarduteko”. Hitz horiekin, abiazioaren gaineko zergak igotzea da asmoa, sektore horren emisioak zuzentzeko, sektore hori baita kutsatzaileenetako bat.

Neurri hori, nahiz eta orain paperean jarri, Ogasun Ministerioak aurreikusita zeukan pandemia iritsi aurretik. 2020. urtearen hasieran, Maria Jesus Monterok zuzentzen duen sailak “aireko garraioaren erabilera larritzen duen zerga bat ezartzeari” buruzko dokumentu bat atera zuen kontsulta publikora. Agiri horretan, neurria justifikatzen zen, argudiatuz “hegazkingintzak eragindako berotegi-efektuko gasen isuriak etengabe hazten ari direla azken urteotan”, eta aurreikuspenen arabera, hazkunde esponentziala izango dela, arintze-neurririk hartzen ez bada.

Kontsultan adierazi zuenez, nazioarteko abiazioaren isuriak % 169 eta % 185 artean haziko ziren 2040an, eta % 284 eta % 300 artean 2050ean, 2010eko mailekin alderatuta, Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundearen txosten baten arabera. Gainera, gaineratzen zuenez, “Hegazkingintza izanik isurketa horiek gehien handitzen ari diren sektoreetako bat, beharrezkotzat jotzen da tresna ekonomiko egokiak hartzea garraio-modalitate horretatik datozen kanpo-eragin negatiboak barneratzeko”.

Egilea Andoni Beitia