MAIALEN MUSATADI / 2019-11-12/ Viralgen farmazia-laborategiak 50 milioi euroko inbertsioa egitea erabaki du Donostian birus terapeutikoetan oinarritutako botikak ekoizteko planta berri batean. Viralgen konpainiaren aurreikuspenen arabera, instalazioa 2022an inauguratuko da eta hamabost aldiz biderkatuko du egungo ekoizpen-ahalmena.

Viralgeneko zuzendari orokor Javier Garciak adierazi duenez, orain arte, Donostiako zentroak saiakuntza klinikoak baino ez ditu egin, eta lantegi berria martxan jartzen dutenean, terapia genikoaren merkatu “gorakorra” hornitzen hasiko da. Egun, Donostian mila entsegu egiten dira, baina bi produktu baino ez daude merkatuan; beraz, 3 edo 4 urtean nabarmen haziko da merkaturatzen diren produktuen kopurua, Garciaren arabera. “Terapia genikoak XXI. mendeko gaixotasun garrantzitsuenak sendatzen lagunduko du, hala nola minbizia, neurodegeneratiboak eta arraroak”, nabarmentzen du.

Donostiako lantegia hiru moduluko eraikin berri batean kokatua egongo da, eta urte honen amaieran eraikitzen hasiko dira, Miramongo Parke Teknologikoan duen egoitzatik gertu dagoen 14.000 metro koadroko orube baten gainean. Ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, terapia genikoko tratamenduetarako Europako instalaziorik modernoenak izango dira, eta horietan 200 profesional inguruk lan egingo dute.

Egilea Andoni Beitia