Zazpi greba egun Productos Tubularesen

Productos Tubulareseko enpresa batzordeak zazpi greba egun deitu ditu maiatzaren 17, 18 eta 19rako eta ekainaren 1, 2, 3 eta 4rako. Trapagarango altzairutegiko batzordeak salatu duenez, langileek lau urte daramatzate erosteko ahalmena galtzen, enpresak “uko egin diolako” hitzarmen negoziazioetan aurrera egiteari, eta ez dira “langileak gaztetzen” ari.

Enpresa batzordeak azpimarratu duenez, enpresak “Ebitda positiboa” du, eta Bideragarritasun Plana behin eta berriz eskatu duen arren, “Modu susmagarrian ezkutatzen” dela kritikatu du.

Langileen ordezkariek “proiektu industrialik eza” salatu dute, eta Tubos Reunidos taldeko zuzendaritzari leporatu diote “Ezkerraldean orainaldia eta etorkizuna izango duen enpresa” baten alde ez egotea.