Grupo Arteche burtsaratzea prestatzen ari da

Arteche Taldearen enpresa-misioa sektore elektrikoan nazioarteko erreferentea izatea da, eta bezeroei balio handiena ematen laguntzea, etorkizuneko sare elektrikoaren garapenean elkarrekin hazteko. Taldeak sektorearen berrikuntza teknologikoaren abangoardian egon nahi du beti, eta nazioartean aintzatetsia izan nahi du bere kalitateagatik eta energia garraiatzeko eta banatzeko sarera bideratutako produktu eta irtenbide guztietan duen zerbitzu-mailagatik.

BME Growth-i akzioak gehituz, kapitala handitu ondoren, Arteche Taldeak espero du hazkundea bizkortu eta merkatuan duen kokapena hobetu ahal izatea, hazkunde organiko eta ez-organikoko plan definitu baten bidez, merkatu elektrikoan erreferentziazko fabrikatzaile izaten jarraitu ahal izateko maila globalean. “Hazkunde iraunkor eta jasangarriaren alde egiten dugu, erronka energetikoei bizkortasunez eta erantzukizunez erantzuten jarraitzeko aukera emango diguna, pertsonekiko, gizartearekiko eta planetarekiko dugun konpromisoari leial”, azpimarratu du Alexander Artetxe CEO eta Taldeko presidenteak. “Operazio arduratsua eta etikoa da, eta ESG (Environmental, Social and Governance) iraunkortasun irizpideak betetzen ditu, enpresarentzat lehentasun bihurtu baitira”, gaineratu du.

2020an, Arteche Taldeak 265 milioi euro fakturatu ditu, % 11tik gorako Ebitda marjinarekin eta 2020ko abenduan 2.2x palanka-ratioarekin. Taldearen plan estrategikoa 2023an 300 milioi eurotik gorako negozio-zifra lortzea da, eta Ebitda marjina hobetzea produktuaren mixaren eta kostuen eraginkortasunaren bidez. Horrez gain, Arteche taldea hainbat eskuratze-eragiketa aztertzen ari da, eta, gauzatuz gero, negozio-estrategia indartzea eta emaitzak hobetzen laguntzea espero du.

Operazioari dagokionez, taldeak 30 milioi euro lortzea espero du, hazkunde organiko eta ez-organikoaren plana finantzatzeko eta bere finantza posizioa indartzeko. Horrez gain, akzioen salmentarako osagai txiki bat aurreikusten da, akziodunen itunen suntsiarazpena finantzatzeko eta akzioari likidezia gehiago emateko. Arteche epe luzerako bokazioa duen familia enpresa da eta kapitalaren gehiengoa mantentzen jarraituko du enpresa kotizatzen hasten denean.

Operazio honetarako, Artechek Banco Santander eta JB Capitalen aholkularitza izango du, Joint Global Coordinators eta Bookrunners bezala arituko direnak, eta Norbolsak Co-Lead manager bezala jardungo duena. Gainera, Garrigues eta Cuatrecasas konpainiako aholkulari legalak eta erakunde jartzaileak (hurrenez hurren) izango dira; eta Norgestión izango da erregistratutako aholkularia.