Horrela izendatu dute Erlo Taldeak eta Tekniker euskal zentro teknologikoak elkarrekin garatzen duten irtenbidea. Edge Computing bezalako teknologiak integratzen dituen makina konektatu bat, harietatik informazioa biltzeko, produktuaren kalitatea kudeatzeko eta prozesuen eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin.

Txirbil-harroketako eta deformazioko irtenbideetan espezializatutako enpresa azkoitiarrak identifikatu duenez, hariaren kalitateari buruzko informazioak berebiziko garrantzia du bezeroentzat. Unai Zubeldia Erlo Taldeko zuzendari nagusiak azaldu duenez, “Harien kalitate txarrak kostu eta arazo asko sortzen ditu sektore askotan, automobilgintzan eta aeronautikan esaterako, eta horientzat lan egiten dugu. Horregatik, uste dugu prozesu horiei buruzko informazioa lortzeko teknologiak inplementatzea behar industrial bat dela, eta horri erantzun behar diogula gure produktuen eta zerbitzuen eskaintza hobetzeko “.

Horretarako, Tekniker euskal zentro teknologikoaren laguntza izan du. BRTA euskal aliantzako kidea da, eta Industria 4.0 eta makina konektatuaren ‘know how’ -ari esker, hari-egiaztatzaile bat garatu du, hodeian datu eskuragarriak eskaintzen dituena, denbora errealean monitorizatzeko gaitasunarekin. Teknikerrek azpimarratu duenez, “Informazio hori denbora errealean eta hodeian eskuragarri egoteak aukera ematen du harietan kalitate-akatsak garaiz detektatzeko eta prozesuen eraginkortasuna hobetzeko, besteak beste”. Izan ere, Erlo Taldeak baditu teknologia berri horrek bere produktibitatean duen eraginari buruzko datuak: “Orain arte, pertsonek egiten zuten kalitatearen egiaztapena; orain, produktu horrek 3 segundotan egiten du automatikoki, eta datuak zuzenean gordetzen ditu plataforma batean, guk informazio hori eskuratu eta prozesua kontrolatu ahal izateko, kalitatea bermatuz”, adierazi du Zubeldiak.

Proposamen teknologiko hau guztia Sam Smart Asset Managemenet Big Data plataformaren egokitzapenean oinarritzen da, Teknikerren aktibo teknologikoa eta datu-bilketa eta biltegiratze hori guztia ahalbidetzen duen tresna. Plataforma horri, gainera, ‘Datalogger’ bat gehitzen zaio, datuak denbora errealean monitorizatzeko eta erregistratzeko aukera ematen duena. “Azken hori oso garrantzitsua da; izan ere, tresna independentea denez, gure makinak etorkizunean produkzioa kontrolatzeko beste sistema batzuetan sartzea ahalbidetzen du”, adierazi du Zubeldiak.

Aliantza hori Gipuzkoako enpresa bizitzen ari den eraldaketa-prozesuaren parte da. Prozesu hori 2025erako plan estrategiko batean oinarritzen da, eta berrikuntza eta teknologia ditu funtsezko puntu. “Oso argi dugu ezarritako helburuak lortzeko lankidetza eredu bat bilatu behar dugula. Enpresa txiki eta ertain industriala izanik, ezin dugu prozesu osoa barneko baliabideekin egin, eta, horretarako, Euskadiko hainbat zentro teknologikotan laguntzen ari gara, hala nola Teknikerren “, azaldu du Zubeldiak.

Egilea Andoni Beitia