Funcasek % 6ra igo du aurtengo hazkunde-aurreikuspena

Aurrezki Kutxen Fundazioak (Funcas) hiru hamarren igo du BPGren aurtengo hazkundea, % 6raino, Espainiako ekonomiarako aurreikuspenen arabera. BPGren igoera hori Estatuko Gobernuaren estimazioa baino puntu erdi txikiagoa da.

“Espainiako ekonomia aurreikusitakoa baino azkarrago has daiteke suspertzen, txertaketa bizkortu delako, eta, ondorioz, mugikortasuna eta turismoa hobetu direlako, kanpoko ingurunea hobea delako eta moneta-politikak eta politika fiskalak hedagarriak direlako”, azaldu du.

Aurreikuspenen eguneratzean, Funcasek ohartarazi du aurtengo bigarren zatian hasiko den “uhin hedakorra” erreforma berriak martxan jartzearekin bakarrik luzatuko dela. Gainera, Europako funtsak gauzatzeko “kudeaketa egitura hobetu” behar dela uste du.

Barne eskariaren eskutik hasiko da susperraldia, 5,5 puntuko ekarpena egingo baitio Barne Produktu Gordinaren hazkundeari, etxeetako gastu handiagoa dela eta. Hala, aurrezki-tasarako estimazioa % 11,8ra jaitsi zen 2021ean eta % 8,7ra 2022an, nahiz eta batezbesteko historikoaren gainetik jarraitzen duen.

Kanpoko eskariaren ekarpena ere positiboa izango da, 0,5 puntu gorantz berrikusi ondoren, nazioarteko ingurunea eta turismoa hobetu direlako. Aurreikuspenen agertoki horretan, hipotesi hau hartzen da abiapuntutzat: uda honetan jarduera turistikoaren bolumena pandemiaren aurrekoaren % 35era iristen da. Turisten etorrera aurrerisi-mailaren % 50 izango balitz, BPGren hazkundea % 6,5ekoa izango litzateke aurten, baina % 5,4an geratuko litzateke iazko turista berberak sartuz gero.