Joan den ostiralean, hilak 15, apirilean KPIren igoera ezagutu ostean, UGT Euskadik ohartarazi zuen “susperraldi sendo baterako” premiazkoa dela euskal hitzarmenak desblokeatzea eta “errenta ahulenei babesa bermatzea”. Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, Euskadi inflazio gehien eragiten duten erkidegoen artean dago, urteko tasa % 2,5ekoa baita, Estatuko 2,2 tasaren gainetik, “Batez ere energiaren sektoreko prezioen igoerak eragin handia baitu”.

Zentzu horretan, UGT-Euskadiko Politika Sindikal eta Instituzionaleko idazkariak, Daniel Gonzalezek, adierazi zuenez, “Osasun-krisitik ateratzeko, ezinbestekoa da beharrezkoak diren erreformak abian jartzea, etxeetako aurrekontuetan pisu handiagoa duten eta, batez ere, errenta txikiena dutenei eragiten dien produktuen gehiegizko igoera saihesteko”. “Pertsona ahulenen babesa bermatu behar da”, azpimarratu zuen.

Ideia hori ere azpimarratu zuen Comisiones Obrerasek. Estatuko zuzendaritzak enplegua babesteko, soldatak eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) handitzeko eta babes sozialeko ezkutua mantentzeko eta hobetzeko beharra azpimarratu zuen, pandemiaren ondorioz ahulenen erosteko ahalmena “higatu” ondoren eta susperraldi ekonomikoari begira. Ildo horretan, Carlos Gutierrez CCOOko Gazteriaren eta Lanaren Errealitate Berrien idazkariak ohartarazi zuen diru-sarrera gutxien dituzten etxeetako erosketa-saskian pilatzen diren ondasun eta zerbitzuen gehikuntzak, bereziki elikagaiak eta edariak eta etxebizitzaren oinarrizko hornidurak (gasa, elektrizitatea) pandemia hasi zenetik, ahulenen erosteko ahalmena higatu duela.

Egilea Andoni Beitia