Adegi Gipuzkoako enpresen elkarteak eta Sabadell Guipuzcoano bankuak 280 milioi euro bideratu dituzte Gipuzkoako enpresak nazioartekotzeko. Hitzarmen honen indarraldian (2010eko irailean hasi zen eta hamar urte oso bete ditu (2011-2020)), 1.414 eragiketa formalizatu dira guztira, 1.832 milioi eurotik gorako balioarekin.

Eduardo Junkera ADEGIko presidenteak eta Ignacio Navarro SabadellGuipuzcoano iparraldeko lurralde zuzendariak enpresak nazioartekotzeko finantziazio hitzarmena berritzea sinatu dute astelehen honetan Donostian.

Azaldu dutenez, iazko udaren ostean, “Kovid-19 pandemiak eta horren ondoriozko kanpo-merkataritzaren murrizketek markatuta”, “Bilakaera positiboa” ikusten da, baina “2019ko mailara iritsi gabe”. Ildo horretan, “2021. urte honetan susperraldia” espero dute.

Hori dela eta, 280 milioi euro mantentzea erabaki dute Gipuzkoako enpresen nazioartekotzea bultzatzeko, horietatik 250 milioi Exporta linearako dira eta 30 milioi Ezarpen linearako.

ADEGIko eta SabadellGuipuzcoanoko arduradunek adierazi dutenez, Gipuzkoarako esportazio-helmuga nagusiak EB-27ko herrialdeak (Frantzia, Alemania, Portugal eta Italia) gehi Erresuma Batua eta AEB dira oraindik, baina “kuota galdu dute Txina, Errusia, India, Turkia, Aljeria eta Mexiko bezalako merkatuekin alderatuta, azken horiek urte asko baitaramatzate pisu erlatiboa irabazten”. “Joera hori areagotu egin da iaz, Txinara egindako esportazioak nabarmenduz”, azpimarratu dute. Gainera, “ADEGIko kide diren Gipuzkoako enpresei, Sabadell bankuak herrialde ezberdinetan dituen 14 ordezkaritza bulegoei laguntza handia” ematen dietela azpimarratu dute, “Kanpo merkataritzan eta beste herrialde batzuetan egiten diren ezarpenetan laguntzeko”.

Egilea Andoni Beitia