Greba Bizkaiko autoeskoletan

ELA eta CCOO sindikatuek bi greba egun deitu dituzte ekainaren 8rako eta 10erako Bizkaiko autoeskoletan.

Sindikatuek, negoziatzeko bederatzi bilera egin ostean, duela 11 urte amaitu zen hitzarmen probintziala berritzea eskatu dute, soldatak gaurkotuz, lanaldia murriztuz, erretiro partziala hartuz eta genero arrakalarekin amaituz.

Salatu dutenez, azken hamaika urteetan matrikulen prezioak murriztu egin dira “soldaten eta lan baldintzen kontura”.

Gainera, indarrean dagoen hitzarmenik ez dagoenez, “Soldaten negoziazio indibidualizatua zabaldu da, eta horrek soldaten eta lan baldintzen negoziazioa atomizatzea eragin du, batez ere irakasleen kolektiboan”, ordainketa “irregularrak” eginez.

Administrazioko langileei dagokienez, erabat feminizatuta dagoen kolektiboa dela esan dute, “Hilean 1.000 euro gordinera iristen ez dena”, astean 40 orduko lanaldiarekin eta larunbatetan lan eginez.