Bilbao Additive Mold Manufacturing (BAMM) startup bizkaitarra 2020an sortu zen, Guivisak bultzatuta, eta, urtebete eta gero, aitzindaria da Europa mailan, moldeak fabrikatzeko teknologiari esker. 3D BinderJeting inprimaketaren bidez, orain arte erabiltzen ziren moldeak berriz diseinatzen ditu eta, 1.700 mm x 1.000 mm x 800 mm-ko lan-azaleran, modeloak eta ardatzak hondarrean inprimatzen ditu fundizioetarako.

ExOne alemaniarraren moldeak inprimatzeko lineak egunean 24 orduz etenik gabe eta arretarik gabe lan egiteko aukera eskaintzen du, prozesu osoaren automatizazioari eta digitalizazioari eta bi kutxaren eskuragarritasunari esker.

Teknologia berri honek hainbat hobekuntza eskaintzen ditu moldeen fabrikazioan. “3D BinderJeting inprimaketarekin, produktuak hiru egunetan fabrikatzen dira, gaur egungo teknologiaren bidez batez beste 40 egun behar diren bitartean. Halaber, moldekatze-metodo baten bidez galdaketa bakar batean ere lortu ezin diren geometriak eta akabera kalitatea lortzen dira, hori guztia eraginkortasuna hobetuz”, azpimarratu du Ignacio de la Peña BAMMeko zuzendariak.

Bizkaiko enpresa merkatu partzialean sartzeko fasean dago une honetan, elkarlanean ari den aliatuekin batera, bere fundizioetan teknologia garatzeko. “Oraintxe bertan, gure baliabideen % 40 produktua saltzeko fabrikaziora bideratzen ditugu”, adierazi du BAMMeko zuzendariak.

“Baliabideen beste % 60 teknologiaren potentziala aztertzera bideratzen ditugu. Atal honi eskaintzen dizkiogu SPRIk bultzatutako Hazitek programatik jaso ditugun berrikuntzarako laguntzak”, azpimarratu du Ignacio de la Peñak. Gaur egun, bost pertsonek osatzen dute startupeko plantilla.

3D BinderJeting inpresioaren potentziala oso handia da. “Sektore guztietan aplika daitekeen teknologia da, eta horietako bakoitzean funtzio berriak aurki ditzakegu: denbora oso laburrean lortu ahal diren balbulen edo pieza industrialen ordezko piezak, prototipoen garapena, orain arte beren geometriengatik egiteko ezinezkoak ziren galdaketako piezen fabrikazioa”, nabarmendu du Ignacio de la Peñak.

Enpresa trenbidearen, balbulen eta automobilgintzaren sektoreetan ari da ematen lehen urratsak. “Gure teknologia berria izanik eta hainbeste diseinu, geometria eta pieza berrirekin lan eginez, gure lana ez da soilik hondar moldeak edo galdaketa konplexuko piezak saltzea, baizik eta galdaketa-enpresei, diseinatzaileei eta azken osagaien ingeniariei teknologia horren abantailak erakustea.

Zentro teknologikoak

3D inprimaketarekin esperimentatzen dutenean, denbora kontua da teknologia berritzaile honetarako aplikazio berriak sortzen joatea”, azpimarratu du. Gainera, une honetan EAEko, Estatuko eta Frantziako hegoaldeko galdaketa-enpresetan ari da lanean nagusiki.

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.

Ignacio de la Peña zuzendariak adierazi duenez, harreman komertzialak eta industrialak ezartzeko interesa duten taldeekin harremanetan egon dira dagoeneko, hala nola zentro teknologikoekin, fundizioekin eta trenbidearekin eta energia berriztagarriekin zerikusia duten enpresekin.

BAMM martxan jartzeko 1,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin behar izan dute, eta, horretarako, Guivisaren akziodunen bultzada, BEAZen babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 2i laguntza eta Ku­txabanken Luzaro kreditu bat izan dituzte.

3D inprimaketa nagusi den merkatu nazionaleko lehen erreferentzia bihurtu da konpainia, eta Europako lehen hiruretako bat.

Hurrengo inbertsio-ekintzak kargak mugitzeko sistemak sartzera eta moldeen sarrera- eta irteera-lanak robotizatzera bideratuko dira, etorkizuneko erronkak baitira.

Egilea Admin