Txertaketa orokorra eta erreformak

FRANCISCO J. AZPIAZU // Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Zuzendaritzak BPGaren % 6,7ko hazkundea aurreikusi du 2021erako. Txertaketaren abiadura funtsezkoa da Euskadin susperraldi ekonomiko azkarra izateko. Europari eta Next Generation EU funtsen etorrerari dagokienez, berandu iritsiko dira, baina premiaz behar ditugun egiturazko erreformak ezartzeko balio izan beharko dute: hezkuntza eta enpresa, pentsioak, zerbitzu publikoen eraginkortasuna, lan-merkatua eta enplegu-politika aktiboak, eta gazteak lanean hastea, besteak beste. Premia bat dira. Horregatik, finantzatu beharreko proiektuak ondo aukeratu behar dira. Erreformarik gabe, ezin izango da susperraldi ekonomiko iraunkorrik izan, eta ezin izango zaie egungo eta etorkizuneko defizitari eta kontu publikoen odoljarioari aurre egin.

2008koaz bestelako krisi baten aurrean gaude. Oraingoan, ekonomia ez hain aurreratuko herrialdeei, kualifikazio txikiagoko langileei eta, batez ere, gazteei eragiten ari zaie. Gainera, digitalizaziora eta automatizaziora egokitzeko gaitasun gutxien duten sektoreak eta enpresak gaizki pasatzen ari dira, eta okerrago pasatuko dute. Horregatik, garrantzitsua da euskal enplegu-estrategiek inguruabar horiek kontuan hartzea, eta arreta enpresen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten jartzea.

Gaitasunak egoerara egokitzea

Eraldaketa lehiakor bat bizitzen ari gara, eta horrek gure inguruan gertatzen denari adi egotea eskatzen du. Enpresak dagoeneko digitalizazioan eta automatizazioan inbertitzen ari dira. Horregatik, pertsonek, beren gaitasunek eta trebetasunek, egoera berri horri erantzun behar diote.

Pandemia hasi zenetik urtebete baino gehiago igaro denean, enpresak eta enplegua berreskuratzeko beste laguntza eta tresna osagarri batzuk beharko dira. Enpresek une ekonomikora erraz eta azkar egokitu ahal izatea eskatzen dute, merkatuek, lehiak eta ingurune gero eta zailago batek jartzen dituztenak baino oztopo gehiago jarri gabe.