CAFek Beasainen, Irunen eta Madrilen dituen lantegietako langileen asanbladek enpresaren hitzarmen berrirako aurreakordioa onartu dute ostegun honetan; hitzarmenak bi urteko indarraldia izango du eta KPIaren gaineko soldata igoerak ezarriko ditu.

Enpresa batzordeak ohar baten bidez jakitera eman duenez, trenak egiten dituen enpresako 3.200 langileri eragiten dien hitzarmenak aurreraeragin klausula “mugagabea” du.

Aurreakordioak 1960. eta 1961. urteetan jaiotako langileen aurre-erretirorako bidea irekitzen du, telelana formula iraunkor gisa ezartzen du, hainbat lizentziatan hobekuntzak jasotzen ditu eta aldi baterako 12 langile lanera itzultzen dira.

Gainera, bigarren kategorian 12 urte betetzen dituzten langileak lehenengo mailara igoko dira automatikoki, eta informatika saileko azpikontratatutako langileak CAFeko plantillan sartuko dira.
Batzordeak azpimarratu duenez, lan-karga finkatu ahala, behin-behineko langileak itzultzeko beharra planteatuko du, eta azpikontratazioa mugatzea defendatuko du.

Egilea Andoni Beitia