Kutxabankek inbertsio jasangarriak bultzatuko ditu

Kutxabankeko Administrazio Kontseiluak jasangarritasun politika berri bat onartu zuen atzo, kapital pribatuaren fluxuak inbertsio jasangarrietara bideratzeko eta negozio eredu “jasangarri” batean aurrera egiteko konpromisoarekin, “Jarduera korporatibo eta finantzarioak ekonomian, gizartean eta ingurumenean duen eragin positiboa maximizatzeko”.

Finantza erakundeak azaldu duenez, bezeroekin eta hornitzaileekin epe luzerako merkataritza harremanak ezartzen eta garatzen saiatuko da, “Hurbiltasunean, gardentasunean eta jardunbide egokietan” oinarrituta. Gainera, produktuen eta zerbitzuen eskaintza egokitu nahi du, “Gero eta jasangarriagoak diren negozio-ereduen eta bizi-estiloen eskari gero eta handiagoari erantzuteko”, eta “finantza-inklusioa errazteko, irisgarritasunaren ikuspegitik”.

Bankuaren esanetan, politika berri horren beste helburuetako bat kapital pribatuaren fluxuak “inbertsio jasangarrietara” bideratzea izango da, “Bezeroei negozio eredu jasangarriagoetarako trantsizioan lagunduz”. Horretarako, “Ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-irizpideak dituzten finantzaketa jasangarriko produktuen garapenean” aurrera egingo da.

Erakundeak gaineratu duenez, akziodunei eta inbertitzaileei iraunkortasunari buruzko informazioa ematen jarraitzeko konpromisoa hartu du, baita elkarrizketarako bide egokiak ezartzekoa ere, “Interes taldeei arreta arina eta kalitatezkoa emateko”.

Kutxabankek adierazi duenez, politika berriak ASG alderdiak erakundearen erabaki estrategikoetan sartzeko bidean aurrera egin nahi du, bereziki “aldaketa klimatikoaren ondoriozko arrisku eta aukeretan”.

Jasangarritasun-politika egiteko, Kutxabankek hainbat erakundek jasangarritasunaren arloan egindako erreferentziak eta gomendioak hartu ditu kontuan. Jarraibide horiek gida gisa erabiliko dira erakundearen prozesuetan.