Eusko Jaurlaritzak 650 eurora igoko du etxebizitza Bizigune programa publikoaren bidez alokatzen duten jabeek jaso dezaketen gehienezko errenta. Hala iragarri du ostegun honetan Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.

Horrela, Lakuak % 10 handituko du jabeei ordaindu ahal zaien gehienezko alokairua, orain arte 600 eurokoa baitzen. Arriolak azaldu duenez, igoera horrek, “Programak eskaintzen dituen berme juridiko eta mantentze berme garrantzitsuekin batera”, Biziguneren erakargarritasuna mantentzen eta jabeen artean aukera hori sustatzen lagunduko du.

Uda ostean indarrean sartuko den neurriaren helburua “etxebizitza parke publikoa handitzea” da, eta, horretarako, hutsik dauden etxebizitzei buruzko dekretu bat lantzen ari direla iragarri du, “Laster” onartuko dutena.

Arriolak gogorarazi duenez, dekretu horrek alokairua sustatzeko neurriak eta hutsik dauden etxebizitzak “arrazoirik gabe” mantentzea zigortzeko beste neurri batzuk ahalbidetuko ditu, urteko kanon bat ordainduz, baita nahitaezko alokairua eta, muturreko kasuetan, desjabetzea ere.

Euskadin 15.149 etxebizitza hutsik daudela gogorarazi du Arriolak, hau da, etxebizitzen parkearen % 1,4. Sailburuak azaldu duenez, beste fronte bat etxebizitza hutsak alokairu sozialerako atzemateko Bizigune programaren baldintzak hobetzera bideratuta dago.

Bere departamentua uda ostean indarrean jartzea espero duen agindu bat amaitzen ari dela aurreratu du, etxebizitza horien gehienezko errenta hilean 50 euro igotzea aurreikusten duena. Agindua onartu ondoren programan sartzen diren etxebizitzek, ALOKABIDEren balorazio ekonomiko egokia lortzen badute, hilean gehienez 650 euro jaso ahal izango dituzte.

Halaber, neurriaren onuradun izan ahalko dira, urtarrilaren 1era arteko atzeraeraginezko izaerarekin, urte honetan zehar programara batu diren etxebizitzak edo aldi horretan kontratua berritu dutenak, baldin eta egun baimenduta dagoen gehienekoa kobratzen ari badira, 600 euro, baina ALOKABIDEren balorazioa zenbateko hori baino handiagoa bada.

Egoera horretan daude gaur egun 179 etxebizitza. Kasu horietan, jabeek ez dute inolako izapiderik egin beharko; izan ere, sozietate publikoa bera jarriko da beraiekin harremanetan errentaren igoera dagokion ehunekoan iragartzeko eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatzeko.

Bizigune programak 33 milioi euroko urteko aurrekontua du, eta azken urteotan gorakada handia izan du: 2017ko urtarrilean 4.480 etxebizitza zituen, eta gaur egun 6.600 baino gehiago kudeatzen ditu. Horrek esan nahi du lau urtean % 47 igo dela.

Egilea Andoni Beitia