Galera historikoak El Corte Inglesen: 445 milioi euro

Corte Inglesek 445 milioi euroko galera garbiak izan zituen horniduren aurretik 2020-2021 zerga-ekitaldian (2020ko martxoa eta aurtengo otsaila bitartean), Covid-19ren osasun-krisiak eraginda, baina ustiapenaren emaitza gordin positiboa (Ebitda) 142 milioi eurokoa izan zen, banaketa-taldeak jakitera eman duenez.

Hain zuzen ere, konfinamenduan eta autonomia-erkidegoetan gerora izandako itxieretan jardueraren zati handi bat bertan behera geratu izanak eta estatuko zein nazioarteko turismorik ez egoteak markatu zuten egoera batean jaso zituen konpainiak galera horiek.

Kontabilitate-zuhurtasuneko neurrien arabera, aurten 2.500 milioi euroko hornidurak erregistratu dira, ibilgetuaren, izakinen eta kreditu fiskalen narriadurak estaltzeko.

Hornidura horietako gehienak, konpainiak azaldu duenez, aktiboen eguneratzearen ondorio dira, negozio eredu digitalago baterantz eraldatzearen ondorioz. Hornidura horien ostean, emaitza garbia negatiboa izan da: 2.945 milioi euro.

Hala eta guztiz ere, taldeak pandemiaren urtea gainditu du 142 milioi euroko Ebitda positiboarekin, dendak berritzeko, digitalizazioa eta omnikanalitatea bultzatzeko eta negozio berriak garatzeko “malgutasuna eta erreakzionatzeko gaitasuna” erakutsi ostean. “Egokitzeko gaitasun horrek etorkizuneko estrategiarekiko konfiantza berresten du”, esan du konpainiak, eta 10.432 milioi euroko negozio-zifra finkatua lortu zuen, % 31 gutxiago.

Taldeak, gainera, 2021-2022 ekitaldi fiskaleko lehen hiruhilekoan izandako susperraldia nabarmendu du (martxotik maiatzera), eta emaitza positiboa lortu du, urtebete lehenago lortutakoaren antzekoa.