Automobilgintzako hornitzaileen sektoreak 30.200 milioi euro fakturatu zituen 2020an, aurreko urtean baino % 15,7 gutxiago. Murrizketa aurreikusitakoa baino txikiagoa izan bada ere, eta ibilgailuen ekoizpenaren beherakada baino txikiagoa (-% 19,6), 2015eko zifretara jaitsi da. Automobilgintzako Hornitzaileen Espainiako Elkartearen (Sernauto) datuen arabera – Sektoreko mila enpresa baino gehiago ordezkatzen ditu –, fakturazioa % 10 handituko da aurten, 33.220 milioi eurora iritsi arte, eta oraindik 2019ko zifrak baino baxuagoa da, azken urtea baita osasun-krisiak sektorean eragina izan baino lehen. Aurreikuspenen arabera, 2022ra arte ez da suspertuko.

“Datu horiek pandemiak gure industrian izan duen eragina adierazten dute. Ahalegin handiak egin behar izan ditugu, beste enpresa askok bezala, egoerara egokitzeko eta produkzioari eta lanpostu gehienei eusteko “, azaldu du Maria Helena Antolin Sernautoko presidenteak prentsaurrekoan.

Izaera esportatzaile handiak (fakturazioaren % 60) saihestu egin du beherakada handiagoa izatea: 2020an, sektoreak 17.900 milioi euroko osagaiak esportatu zituen, 2019an baino % 13,8 gutxiago. Estatuko merkatuko fakturaziotik (12.300 milioi euro) 7.740 milioi ibilgailu-fabrikatzaileak ekipamenduz eta osagaiez hornitzeko dira (-% 21) eta 4.560 milioi ordezko piezen merkatutik datoz (-% 13,5).

2020an bizi izan den egoera konplexua gorabehera, hornitzaileek inbertsio handia bideratu zuten I+G+b arlora, industria-eraldaketa bermatzeko eta abangoardia teknologikoari jarraitzeko. Hala, iaz, inbertsioa fakturazioaren % 3,6an mantendu zen, 1.075 milioi euro guztira, hau da, industriaren batez bestekoaren hirukoitza. Sektoreak 212.500 lanpostu zuzenekin itxi zuen urtea, % 5,7 gutxiagorekin.

Egilea Andoni Beitia