Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak atzo ohartarazi zuenez, EAEk hidrogenoarentzako barne merkatua sortu behar du energiaren alorrean aplikazioak garatzen dituenean, kanpoko merkatuan pentsatu aurretik.

“Nahikoa esperientzia dugu Euskadin etxean saltzen ez dena gero beste bezero bati saltzea oso zaila dela esateko”, esan zuen sailburuak UPV/EHUko Udako Ikastaroan, Hidrogeno Berdearen karrera: mugikortasunerako energia-bektore berria izenburupean.

Tapiaren ustez, beharrezkoa da “eredugarriak” izatea, administrazioak barne, energia horren erabilera euskal lurraldean “errealitate bat” izan dadin. “Non aplikatu dezakegun bilatu behar dugu, aplikatu behar duena konbentzitu eta zentzu horretan lanean hasi. Hidrogenoaren nazioarteko merkataritzaren zatia bai, oso interesgarria da, baina lehendabizi etxean egin behar dugu “, nabarmendu du.

Gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Hidrogenoaren Estrategiak bi fase ditu: batetik, gaur egungoa, 2030era artekoa, eta, bestetik, 2050era artekoa. Lehen aldian gauzak ondo egiten ez badira, estrategia hori “ez da existituko”.

Tapiaren esanetan, 2021-2030 urtea “erabakigarria” da eta beharrezkoa da “hidrogenoa ekoizteko proiektuekin buru-belarri lanean hastea”. “Garatu, ekoitzi eta martxan jarri dugula erakutsi behar dugu”, adierazi du. Garapen Ekonomikoko sailburuak gaineratu duenez, “Azken erabilera horietara iristea lortzen ez badugu, eta eraikinetan hamar proiektu pilotu ditugula, salgaiak garraiatzeko ibilgailu batzuk, hidrogenerak funtzionatzen ari direla eta hidrogenoa kontsumitzen ari den industria dagoela frogatuz gero, gure teknologia oso ona izango da, baina inork ez dio sinesten eta akats oso garrantzitsua izan daiteke”.

2030erako “erronka nagusia” hori dela esan zuen, eta “dena egiteke” dagoela esan arren, Euskadik “gaitasunak eta aukerak” dituela azpimarratu zuen. “Esaten duguna egiten ari garela erakustea dagokigu orain”, gaineratu du.

“Hidrogenoaz etengabe hitz egiteaz gain, zerbaitetarako balio duela erakusteko bide garrantzitsua dugu”, azpimarratu du.

Egilea Andoni Beitia