«Bateratzeko indarraren topagunea» lelopean, UNIRE azoka profesional berria antolatuko  da 2022ko urriaren 19an eta 20an. Ficoba fundazioak sustatu du, eta gai horiei buruzko Espainiako lehen azoka izango da.

UNIREren xedea industriaren erronka bati erantzuna ematea da, balio-kate guztian efizientzia eta produktibitatea hobetzearen erronkari, hain zuzen. Soldadura- eta bateratze-teknologietan jarriko du arreta UNIREk. Eragiketa horiek balio erantsiko kate ugariren funtsezko elementua dira, eta zenbaiten ekoizpen-kostuen % 50 ere izatera iristen dira.

Soldadura eta bateratze-teknologiak presente daude hainbat eta hainbat industria-produktutan, eta ezinbestekoa da kalitatekoak izatea, azken produktua fidagarria izango bada.

Zeharkako sektorea da, eta ia prozesu industrial guztietan aplikatzen da: automobilgintzan, burdinbideetan, ontzioletan eta hegazkingintzan, energia-ekoizpenean edo metalen eraldaketan, besteak beste.  

Ekitaldi bat, hiru hitzordu

UNIRE azoka profesional espezializatu bat da, eta soldadura eta material bat baino gehiago bateratzeko beste teknologia batzuk (desmuntagarriak eta ez-desmuntagarriak) ditu gaitzat. Azokaren helburuak dira materialak bateratzeko konponbideak eskaintzen eta eskatzen dituzten enpresen ekosistema elkartzea, negozioa sustatzea, ezagutzak trukatzea eta etorkizuneko profesionalen talentua bultzatzea.

Horretarako, UNIREk hiru ekitaldi bilduko ditu hitzordu bakar batean: azoka bera; Soldadura Tekniken eta Bateratze Teknologien XXIII. Jardunaldi Teknikoak, CESOL Soldaduraren eta Bateratze Tekniken Espainiako Elkarteak antolatuta; eta soldadurako ikasleentzako eta profesional gazteentzako 1. UNIRE soldadura-txapelketa, CESOLek antolatua.

Erakusmahaiak eta bisitariak

2022ko 19an eta 20an, UNIRE azoka dela eta, Ficoban elkartuko dira soldadura eta materialen bateratze-lanetako ekipamendua edo zerbitzuak eskaintzen dituzten ekoizle, banatzaile eta hornitzaile ugari, zenbait sektoretakoak, hala nola: soldatzeko eta mozteko ekipamenduak eta produktuak; kontsumigarriak; gas industrialak, betegarriak eta metal eranskinak; itsasgarriak; segurtasun- eta babes-ekipamendua; industriari laguntzeko zerbitzuak: mozketa, soldadura, eraldaketa, konformatzea, konponketa eta konponbide automatizatuak, homologazioa eta ziurtapena; I+B soldadura- eta bateratze-teknologian; ingeniaritzak; eta sektoreko elkarteak, besteak beste.

Guztiek ere beren proposamenen berri emango diete soldaduraren profesionalei eta erosleei eta soldadura erabiltzen duten enpresetako erabakien arduradunei eta erosketen preskriptoreei. Espainiako eta Frantzia hego-mendebaldeko eskualde industrializatuenei  zuzendutako ekimena da. Bisitari horiek bateratze-teknikak modu intentsiboan erabiltzen dituzten sektoreetakoak izango dira: automobilgintza, burdinbideak, sektore aeroespaziala, ontziolak; metalen eraldaketa; galdaragintza; obra publikoetako makineria; energia-ekoizpena; metalezko instalazio eta egituren eraikuntza; Muntaketa industriala; azpikontratazio-enpresak; mantentze-lanetako eta  konponketako enpresak; kontsumo-ondasunen ekoizleak; itsas zabaleko plataformak; edo prestakuntza-zentro espezializatuak.

Sektorearen laguntza

UNIREk interesa piztu du dagoeneko sektoreko zenbait eragileren artean, eta haien laguntza jaso du. Horien artean, nabarmentzekoa da CESOL Soldaduraren eta Bateratze Tekniken Espainiako Elkartearen babesa. Bazkide kolaboratzaile gisa atxiki zaio UNIREri, eta aholkularitza teknikoa eman du azokaren diseinuaren eta garapenaren inguruan. 

Ekimen berri honek estatuko erreferente bihurtu nahi du eta, ekimena ikusgarriago egiteko, CESOLek erabaki du UNIREra ekartzea Soldadura Tekniken eta Bateratze Teknologien Jardunaldien XXIII. edizioa.

Azoka aurkezteko gaur goizean Ficoban eskaini den prentsaurrekoan Fernando Mañas Arteche CESOLeko zuzendari nagusiak esan duenez, «UNIRE azoka eta XXIII. Jardunaldi Teknikoak leku eta garai berean eginda, profesionalek beren denbora optimizatu ahalko dute, eta enpresek kostuak nabarmen aurreztuko dituzte. Esandako guztiagatik, soldaduraren eta bateratze-teknologien munduko ekitaldirik garrantzitsuena izango da 2022. urtean, hots, susperraldiaren urtean».

Era berean, esan duenez, «horrelako ekitaldiak beti dira beharrezkoak, baina are gehiago oraingo egoeran. Izan ere, harreman profesionalei berriz heldu behar zaie eta berritasun teknikoen berri eman behar da, denok irrikaz espero dugun susperraldi ekonomiko eta industriala lortzeko. UNIRE leku aproposa da sektorearen azken berritasunak ezagutzeko, eta berritasun horiek lagunduko diete enpresa txiki, ertain eta handiei beren prozesuak optimizatzen. Beharrezkoa da online ekitaldiak atzean uztea. Oso garrantzitsuak eta beharrezkoak izan dira gutxieneko harreman bat mantendu ahal izateko, baina oso motz geratzen dira horrelako ekitaldi handi batean lortzen den guztiarekin alderatuta».

Ficoban, Gipuzkoako Erakustazokan

Euskadik estatu espainoleko industria-metaketarik garrantzitsuenetako bat du. Kultura industrial handia dauka, eta hango industria-ehunean soldadurak eta bestelako bateratze-teknologiek erabilera handia dute. Gainera, teknologia- eta ikerketa-zentroak ere badaude, bai eta sistema eta teknologien alorreko industria, ikerketa eta prestakuntza sustatzen duten erakundeak ere.

UNIREk soldaduraren eta bateratze-teknologien polo espezializatua izan nahi du, eta Espainia iparraldeko eta estatuko industriagune garrantzitsuetako soldadura-zerbitzuen enpresa erabiltzaileen topagune bihurtu.

Gainera, Ficoba mugatik gertu egoteak erraztu egingo du UNIRE zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen eta Frantziako hego-mendebaldeko balizko bezeroen topagunea ere izatea.

Egilea Admin