Hegazkin ekologikoagoak Ceiten eskutik

Ceit zentro teknologiko gipuzkoarra Hivomot proiektu europarraren buru da, hegazkin komertzialen berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko motor elektrikoaren prototipoa garatzeko. Proiektuaren esparruan, motor elektriko esperimental bat diseinatuko da, egungo turbinak baino arinagoa eta txikiagoa, baina 50 bidaiari baino gehiagorentzako aireontzi baten prestazio berarekin.

Ekimena urte hasieran hasi zen, eta Europako industria aeronautikoko agente nagusiek interesa piztu dute dagoeneko, Donostiako zentro teknologikoak atzo nabarmendu zuenez.

Aireko garraioa azken urteotan gehien hazi den berotegi-efektuko gasen iturri da. Europako Parlamentuaren datuen arabera, 1990 eta 2017 artean isurketak % 128,7 igo dira eta guztizkoaren % 3,42 dira, batez ere nazioarteko merkataritzaren gorakada handiagatik.

Inpaktu hori arintzeko, Ceit ikerketa-zentroa buru duen enpresa-partzuergo batek, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, proiektu europar hau garatzen du, propultsio aeronautikorako motor elektrikoaren prototipo esperimental baten diseinuan lan egiten duena.

Marco Satrustegui Garraio eta Energia saileko ikertzaileak azaldu duenez, proiektuaren helburua “motor elektriko esperimental txikiagoa eta arinagoa garatzea da, egungo turbinak baino; material supereroaleetan oinarritutako teknologiarekin funtzionatuko duena, eta 50 bidaiari baino gehiagoko hegazkin komertzialek erabiltzen dituzten gas turbinen prestazio berdinak eskainiko dituena”.