Lau milioi euro Euskadiko ingurumena babesteko

Eusko Jaurlaritzak lau milioi euro erabiliko ditu ingurumena babesten duten enpresa-inbertsioak diruz laguntzeko. Laguntza horiek 2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren eta 2030erako Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren helburuak betetzen laguntzen dute.

Eusko Jaurlaritzak atzo adierazi zuenez, laguntza horien diru kopurua bikoiztu egin da 2020ko deialdiarekin alderatuta, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) ekarpena diruz lagundutako zenbatekoaren % 50 izango da.

Laguntzak hainbat lerrotan banatzen dira. Lehenengoak inbertsiorako laguntzak ezartzen ditu, ingurumena babesteko Europar Batasuneko arauetatik harago joan ahal izateko edo zaintza hori areagotzeko, Europako araudirik ez dagoenean.

Beste diru-laguntza lerro batek laguntzak ezartzen ditu etorkizuneko Europako arauetara aldez aurretik egokitzeko, eta hirugarrenak, berriz, ingurumen-azterketak egiteko.

Birziklatzea Eusko Jaurlaritzak laugarren ardatz gisa aipatu zituen hirugarrenek sortutako hondakinak birziklatzeko eta berrerabiltzeko inbertsiorako laguntzak. Kasu honetan, hainbat baldintza bete behar dira, hala nola inbertsioa beste enpresa batzuek sortutako hondakinak murriztera bideratzea. Beste eskakizun bat da frogatzea, inbertsio hori egin ezean, birziklatutako edo berrerabilitako materialak ezabatu edo ingurumena gutxiago errespetatuz tratatuko liratekeela.

Gainera, laguntzek ez dituzte zeharka askatuko kutsaduraren erantzuleak enpresa-kostu normaltzat hartu behar den karga batetik. Eusko Jaurlaritzak gaineratu duenez, inbertsioek ez dute ondorio bakarra izan behar birziklatzeko materialen eskaria handitzea, baldin eta igoera horrek ez badu material mota hori gehiago biltzea eragiten.

Bosgarren laguntza-lerro bat lur kutsatuak saneatzeko izango da, kutsaduraren erantzulea identifikatu ezin denean edo birgaitzearen finantzaketaren arduradun legez hartu ezin denean, “Kutsatzen duenak ordaintzen duela” dioen printzipioaren arabera.

Azkenik, arauak laguntza-lerro bat jasotzen du, enpresa txiki eta ertainentzat, eta ingurumen-arloko aholkularitza-zerbitzuak eskaintzen ditu.