Pandemiaren kudeaketak eta zenbait egitura-arazok, hala nola digitalizazio-faltak edo gazteen langabezia-tasa handiak, Espainia hiru postuz jaistea eragin dute, 39º-ra arte, Suitzako IMD negozio-eskolak urtero egiten duen lehiakortasunaren munduko rankingean.

Atzo aurkeztu zuten Institute for Management Development (IMD) erakundearen Lehiakortasunerako Munduko Zentroaren urteko txostena, 64 herrialderen lehiakortasun ekonomikoa aztertzen duena. Txosten horren arabera, 2014tik izan duen lekurik baxuenean dago Espainia, azken hiru urteetan bete duen 36. postua utzi ostean.

Adituen arabera, Espainiako lehiakortasunaren beherakada, batez ere, ikuspegi ekonomikotik osasun-krisiari aurre egiteko duen prestakuntza eskasaren ondorio da, bai eta Espainiako ekonomiarentzat garrantzitsuak diren sektoreei (turismoa, esaterako) laguntzeko politika okerren ondorio ere.

Etorkizunari begira, txostenak adierazten du ahalegin guztiak Europako funtsak ondo erabiltzera bideratu behar direla, eta laguntza horiek lanpostuak sor ditzatela iraunkortasunaren, teknologien eta lotutako industrien sektoreetan.

Hala, Suitzako eskolak Espainiari ohartarazi dio enpresa-sarea babestu eta indartu behar dela, inbertsioa suspertzeko giroa hobetzeko ekintzak eginez.

Digitalizazioa eta ikerketa zientifikoa bultzatzea ere aipatzen du, bai eta langileen enplegagarritasuna hobetzea ere, elkarrizketa sozialaren esparruan enplegu-politika berrien bidez. Beste alderdi batzuetan ere lan egitea gomendatzen du: hizkuntza-trebetasunak hobetzea, erreforma ekonomikoak eta sozialak egitea eta talentua erakartzeko eta atxikitzeko gai diren politikak garatzea.

Espainiak “nabarmen” egin du okerrera txostenean aztertutako adierazle nagusietako bitan: etekin ekonomikoa (31. postutik 42.era jaitsi da) eta gobernuaren eraginkortasuna (44.etik 49.era).

Egilea Andoni Beitia