José Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, Naturklima Fundazioa industriaren zerbitzurako “tresna” izango dela defendatzen du, eta ekonomia berde baterantz egiten lagunduko diola, eta lurraldeak aurkeztutako 11 proiektuetarako Next Generation funtsak jasotzea espero du. Duela bi urte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak klima-aldaketaren aurkako “estrategia oso bat” garatu zuen, eta hainbat politika eta helburu ezarri zituen. Horren ostean, Jose Ignacio Asensiok zuzentzen duen sailak “mundu ekonomiko eta sozialarekin harreman arinagoa izateko tresna bat izateko beharra” ikusi zuen. Horrela sortu zen Naturklima proiektua, 2023an inauguratuko den eraikina.

Duela gutxi Naturklimaren lehen harria jarri zen. Zein arlotan egingo du lan fundazio honek?
Batez ere hirutan. Alde batetik, Klima Aldaketaren Behatokia dago, eta fruituak ematen hasi da; izan ere, lurraldean duen eraginari buruzko lehen txostena egin zen, 85 aldagairekin, eta etengabe ebaluatuko dira. Eta Naturklimaren gune nagusiak ekonomia zirkularra eta trantsizio energetikoa izango dira. Lurraldeko industria- eta ekonomia-sektoreen eraldaketa egin nahi dugu, eta Naturklima industria- eta ekonomia-munduaren zerbitzura egongo den tresna izango da. Prestakuntza eta informazioa eman beharko dira, proiektu bat dagoenean aukerak sortu, laguntzaileak bilatu, finantzaketa barne, publikoa izan ala ez. Naturklima izango da Next Generation-en Europako funtsak jasotzeko Ingurumen Zuzendaritzak diseinatutako proiektuekin batera joango den sozietatea.

Espainia mailan erreferentea izango da klima-aldaketaren aurkako borrokan eta eredu ekonomiko eta energetikoaren aldaketa batean. Zeintzuk dira bultzatu beharreko palanka politikak?
Gure eskumenen eta politiken palanka izango den tresna bat behar dugu. Garrantzitsua da sozializazioa, mundu ekonomikora iristea, lurraldearen azken txokora, eta hark gu onartzea; norbaitek ekonomia lineala zirkularrera aldatzeko urratsak eman nahi dituenean, jakin dezala nora jo. Ekosistema industrial bat daukagu, non gure industriaren % 90 ETEa den eta, batzuetan, nora jo ez dakiela sentitzen duen. Enpresa hauetatik oso gertu egoteko tresna bat sortu dugu. GK Recycling eratu genuen, berrerabiltzeko eta birziklatzeko klusterra, eremu horretan lan egiten zuten enpresek beren esperientziak trukatzeko eta lankidetzak bilatzeko tokia izan zezaten.

Naturklima, beraz, lurraldeko sektore ekonomikoari ekarpena egiteko sortu zen. Lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa da klima-aldaketaren aurkako borrokan?
Ezinbestekoa da, eta Naturklima tresna bat da ekonomiaren eta enpresa-munduaren esparruan lan egiteko. Aldundiak proiektuak diseinatuko ditu, baina jarraipena Naturklimak egingo du.

Hain zuzen ere, erakundeak 11 proiektu diseinatu ditu Europako funtsetarako. Zer dira Next Generation funts irrikatuak eta Gipuzkoarako Itun Berdea?
Sekulako aukera. Aurkeztu ditugun 11 proiektuek 200 milioiko trakzioa dute ekonomia zirkularraren eta trantsizio energetikoaren esparru honetan. Funtsezko bi ditugu: batetik, plastikoan oinarritutako ekonomia zirkularreko polo bat merkaturatzea, petrolioa oinarrizko lehengai gisa ordezteko; eta, bestetik, biometanizazio-plantarekin, teknologia berri batekin, jatorri organikoko hidrogenoa lortzea, Lurraldebuseko flota osoa elikatzeko nahikoa izango litzatekeena, adibidez. Europako funtsak proiektu estrategikoak bizkortzeko prozesua izango dira.

Nola ikusten duzu Gipuzkoako enpresa ekonomia berde baterako bidean?
Gipuzkoak aukera hau aprobetxatuko du. GK Reciclying-arekin hasi ginenean sei ginen eta orain 80 kide gara; horietatik % 65 industriatik dator. Aukera asko daude, hala nola bigarren mailako lehengaien merkatua eratzea. Eremu honetan lurraldea oso ondo kokatuta ikusten dut, dinamika egokiekin.

Egilea Andoni Beitia