MAIALEN MUSATADI / 2019-11-25/ Eustatek argitaratutako datuen arabera, EAEko hotel establezimenduek 296.538 bidaiari sarrera erregistratu dituzte urrian, aurreko urteko hilabete berean baino 15.496 bisitari gehiago, hau da, % 5,5eko hazkuntza. Datuak lurraldeka aztertuz, Gipuzkoan % 11,2 eta Bizkaian % 2,9 igo ziren urriko bidaiari sarrerak, berriz, Araban % 1,2 jaitsi.

Hala, euskal hotel establezimenduetan urrian izandako ostatu gauak 5 izan dira, aurreko urteko hil berean izandakoak baino % 1,9 gehiago, hots, guztira 10.908 ostatu gau gehiago. Era berean, ostatu gauek bilakaera positiboa izan dute Gipuzkoan, % 7,5eko gehikuntzarekin, baina negatiboa Bizkaian eta Araban, % 0,7ko eta % 5,1eko jaitsierekin, hurrenez hurren.

Bisitarien jatorriari erreparatuz, EAE osoan, Estatutik heldutako bidaiarien sarrerek % 4,6ko bilakaera positiboa izan dute urrian, aurreko urtekoarekin konparatuta. Jatorria beste herrialderen batean dutenak, aldiz, % 6,7 gehitu dira.

Araban, Estatuan jatorria duten bisitarien sarrerek % 0,4ko bilakaera positiboa izan dute, eta besteek % 5,0 egin dute behera; Bizkaian, Estatuko bidaiarien sarrerak % 4,8 gehitu dira, eta besteenak % 0,5; eta Gipuzkoan, Estatuko bisitarien sarrerak % 6,3 eta besteenak % 16,3 igo dira.

Gauzak horrela, batez besteko egonaldiaren iraupena 1,94 egunekoa izan da urrian EAE osoan, iazko urrian batez beste izandako 2,01 egunen azpitik. Araban, 2018ko urriko 1,95 egunetik aurtengo urriko 1,87 egunera jaitsi da, eta Bizkaian, berriz, 1,99 egunetik 1,92 egunera; amaitzeko, Gipuzkoan ere batez besteko egonaldiak behera egin du: 2,06 egunekoa izan zen 2018ko urrian eta 1,99 egunekoa aurtengoan.

LANDA TURISMOA

Bestalde, Euskadiko landa turismoko establezimenduek eta landetxeek 14.976 bidaiari sarrera erregistratu dituzte joan den urrian, aurreko urteko hil berean baino % 3,8 gehiago. Lurraldeka, sarrerak % 19,0 igo dira Araban, eta % 3,9 Bizkaian; Gipuzkoan, berriz, % 2,4 jaitsi dira.

Estatutik heldutako bidaiarien sarrerak % 2,8 gehitu dira urrian, eta beste herrialdeetako bidaiarienak % 8,1; zehazki, beste herrialde batzuetako bidaiarien 2.877 sarrera erregistratu dira, sarrera guztien % 19,2 izanik.

Halaber, EAEko landa turismoko establezimenduek eta landetxeek 30.878 ostatu gau erregistratu dituzte urrian, iaz baino % 7,1 gutxiago. Lurraldeka, ostatu gauak % 4,8 jaitsi dira Araban, % 2,7 igo Bizkaian, eta % 13,6 jaitsi Gipuzkoan.

Azkenik, bidaiari bakoitzeko batez besteko egonaldia 2,30 egunekoa izan zen 2018ko urrian, eta 2,06 egunekoa izatera igaro da aurten hil berean

Egilea Andoni Beitia