Kotxe elektrikoen baterientzako teknologia berri bat garatzeko apustua egin du Europak, eta Battery 2030+ ikerketa proiektua sortu du. Ekimenak elkarlanean jarriko ditu Europako ikertzaile adituak, baita industria garrantzitsuenak ere, baterien teknologian eta zientzian aurrerapauso handiak lortzeko.

Battery 2030+ ikerketa proiektuko koordinatzaile nagusia den Kristina Edströmek CIC EnergiGUNE euskal ikerketa zentroak antolatutako kongresuan parte hartu du Gasteizen. Bertan, Edströmek ikerketa zientifikoa sustatzeko beharra azpimarratu du, eta Europako automobilgintzaren industria katerako “teknologia disruptiboak” lortzeko premia defendatu du. Edströmek esan duenez, Europak automobilgintza elektrikoaren “etorkizuneko bateria asmatu” behar du.
Euskal panorama
Gainera, Edströmek adierazi duenez, Europako Batzordeak Battery 2030+ ekimenaren arduradunei garapen teknologikoan azkar lan egiteko eskatu die, beste herrialde batzuekin dagoen aldea murrizteko, esaterako, Estatu Batuekin eta Txinarekin.
Donostiako Cidetec zentro teknologikoa Battery 2030+ proiektuan parte hartzen ari da, eta errendimendu handiko bateriak sortzen dihardu. “Ma‐nufacturing&CellDesign” deituriko saileko koordinazio lanak bere gain hartu ditu, eta, zehazki, energia biltegiratzeko formula eraginkor eta iraunkor berriak bilatzeko ikerkuntza ekimenean murgilduta dago.
Planetak bizi dituen erronka jasangarriei erantzuna emateko, Cidetecek karbono aztarna murriztuko duten bateriak garatzea du helburu.

Egilea Admin